Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari banaketa ekitaldia egiteko asmoa agertu du 111 Akademiak, ekainaren 10ean izango da.
111 Akademiak Pello Lizarralderi (Zumarraga, 1956) emango dio 2020ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Lizarralderen Argiantza eleberria izendatu dute 2020ko libururik gogokoen. 202 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietatik 117k parte hartu dute 2020ko sariduna izendatzeko 2021eko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Lizarralderen lanak Joxean Agirreren Nobela errealista bat eleberria izan du lehiakide azken bueltan.
Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari banaketa ekitaldia egiteko asmoa agertu du 111 Akademiak ekainaren 10ean. Edonola ere, osasun-egoeraren bilakaera ikusi ahala hartuko dituzte antolatzaileek ekitaldiaren inguruko erabakiak.
Argiantza eleberriari dagokionez, mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaion adioa da. “Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiarazten dizkio egileak irakurleari”, azaldu dute akademiakideek. “Literatura ale bikaina da Lizarraldek osatu duena. Obraren laburpena irakurri ondoren ez dirudi irakurlea inora eramango duenik, baina bere idazkeraz lantzen duen poetika bikaina da, deskribapen hutsak benetan gozatzeraino harrapatzen du irakurlea eta bertan egoteraino lekualdatzen. Idazkera maisutasun osoz erabiltzen du oso ariketa ausart batean eta emaitza, zinez, ederra da”.