Ikuspuntu orokor batetik gizarte postmodernoari so jarri da egilea.
Hiru hilabete dira Nerea Arrien idazleak (Lekeitio, 1976) gaztetxoei zuzendutako Etxegabetuak eleberria kaleratu zuela, eta dagoeneko bueltan da helduentzako bere bigarren liburuarekin. Jende likidoa (Erein) izenburupean, perspektiba ariketa bat egin du egileak lan hau idazterako orduan, eta ikuspuntu orokor batetik gizarte postmodernoari so jarri da. Arrienek azaldu duenez, “ikuspuntu desberdinetatik idatzitako liburu bat da, hasiera batean begiraleak kanpotik begiratzen du eta era orokorrean marea likidoa ikusten du, hortxe daude liburuaren ardatzak diren gizarte likidoaren gaiak, hala nola: maitasun likidoak, identitate anizkoitzak, polimaitasunak, bakardadeak, huts sentsazioak, irudiaren tiraniak… pixkanaka, marea osatzen duen jende likidoa zoom baten bidez fokatzeko”.
Liburuko narrazioetan ageri diren pertsonaiak euren artean desberdinak izan arren, guztiek dute amankomuna den azaleko geruza bat: herratuak, zalantzatiak, erresistentziarako gaitasun gutxikoak… dira denak. “Duten minetan, zaurietan, bideetan duen eragina jakin gabe, etengabe interpelatuko dute gizarte likidoa. Erantzuna, ordea, irakurleak baino ez du jakingo. Ñabardura honetan sostengatzen da liburuaren fikzioa eta, era berean, fikzio hau uraren ezaugarrietan oinarrituko da. Itsas- ozeanoen epikatik ihes egin eta likidoaren alde bare, isil moldagarri edota, denboraren poderioz higatzeko duen gaitasunari erreparatuko zaio. Hauexek direlako egunerokotasunarekin parekotasun gehien dituztenak, eta ipuin hauek egunerokotasunean oinarrituta daude”.
Arrienen arabera beraz, “ur prosaikoek bustiko dituzte narrazioak; lixibaz betetako baldeek, hoditeriek, harraska buxatuek, likido lingirdatsuek… eta hauen bidez, ur mitologiatik urrun geratzen den jende likidoa eraikiko da. Bebarru garbitzaileak, buzoak, labarretako arkitektoak, kostaldeko idazleak, Mai Elkanok, arrain saltzaileak… osatuko dute fauna akuatiko postmodernoa”. Lurrundutako jendea edota, jende eferbeszentearen garaira heldu baino lehen, likidoa izan den denbora bateko lekukotasuna jaso du idazleak.