Igor Legarretak zuzenduta, Josean Bengoetxeak, Haizea Carnerosek, Itziar Ituñok eta Zorion Egileorrek, besteak beste, egin dituzte aktore lanak. Filmak gerra eta heriotza ditu abiapuntu.
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak gaur abiatuko du 27. edizioa Diego Perezek eta Olatz Ganboak aurkeztuko duten hasierako ekitaldiarekin, Campos antzokian. Honetan, Igor Legarretak (Leioa, 1973) zuzendutako Ilargi guztiak fantasiazko filma estreinatuko da. Josean Bengoetxeak, Haizea Carnerosek, Itziar Ituñok eta Zorion Egileorrek, besteak beste, osatzen dute filmaren aktore zerrenda eta gerra eta heriotza ditu abiapuntu. Gidoilari lanetan Jon Sagala aritu da Legarretarekin batera.
Leioako zinemagilearen bigarren lan luzea azken karlistaldiaren garaian kokatuta dago. Basoan bizi den andre misteriotsu batek (Itziar Ituño) umezurtegian dagoen neskato bat (Haizea Carneros) erreskatatuko du. Umea larriki zaurituta eta hiltzeko zorian dago, eta emakume hori bere aingeru guardakoa dela pentsatuko du, baina laster jakingo du, izaki arraro horrek hilezkortasuna eman diola bere konpainiaren truke.
Filma gaur estreinatuko den arren, maiatzaren 14an helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Arratsaldeko hasiera ekitaldian, bestalde, Fantrobia saria eta Ohorezko FANT Saria banatuko dira. Lehena, Lluis Quilezentzat izango da, zuzendari, gidoilari eta errealizadore bartzelonarrarentzat; bigarrena, Jaume Balaguerorentzat, Darkness, REC, Mientras duermes eta Los Sin Nombre filmen zuzendaria. Azken hori bihar ikusi ahal izango da.