Urrian inauguratuko da bere lanekin osatutako erakusketa Donostiako San Telmo Museoko Laborategian.
Oier Iruretagoiena (Errenteria, 1988) izango da aurten Artea abian proiektuan parte hartuko duen artista, 2020ko lehen edizioan Nagore Amenabarrok parte hartu ondoren.
Ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta Donostiako San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren hasieran eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. “Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da”, azaldu dute. Ekimen honekin arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzun nahi zaio, “artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak ezartzen lagundu nahi da”.
“Proposamenak Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio”, azaldu dute bi erakundeek. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden sortzaileekin lan egitea. Ez da adin tarte zehatzik ezartzen, eta “arte gaztea” bezalako kategoriak saihesten dira, artista potentzialen aukera eta esparru profesional eta instituzional baten barruan izan dezaketen naturalizazioa ez mugatzeko. Hala, kontuan hartzen den profila aurretik ibilbide bat duen sortzailearena da, lehiaketa eta erakusketa kolektiboetan parte hartu duena, baina ez duena aurkezpen monografikorik egin San Telmo Museoaren moduko museo edo erakunde batean.
Oier Iruretagoiena musika esperimentala lantzen hasi zen, baina gerora beste formatu batzuetara zabaldu du bere lan esparrua, hala nola, eskulturara eta testura. 2011n Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn, eta 2018an Bruselako WIELS egoitzen programa osatu zuen. Bilboko Carreras Mugica galerian (2019 eta 2015), Bartzelonako Halfhouse espazioan (2014) eta Gasteizko Montehermoso Kultur Etxean (2011) paratu ditu bere erakusketak, besteak beste. Duela gutxi erakusketa kolektibo hauetan ere parte hartu du: Generacion 2020 La Casa Encendida (Madril, 2020), David Bestuek Halfhousen (Bartzelona, 2018) komisariatutako erakusketa, Bi Dos Two Alondegian (Bilbo, 2018), Cale, cale, cale! Caale!!!, Tabakaleran (Donostia, 2017); Otzan, Elba Benitez galerian (Madril, 2016), eta Consonniko LaPublika saioan (2016). Era berean, 2010etik 2020ra Bilboko Le Larraskito Klubeko koordinatzaileetako bat izan zen, eta 2020tik Berria egunkariko zutabegilea ere bada.