Ekidak ‘Manifestua’ ikuskizuna taularatuko du Elorrion, Gasteizen, Azkoitian eta Berriozarren

Literatura, musika eta eszenografia uztartuz, kantuen eta poesiaren bidez hausnarketa politikoak plazaratzea eta arteak eta artistek duten eginbeharri buruzko galderak egitea da ikuskizunaren asmoa.

Hiru musikari, hiru abeslari eta bi errezitatzaile oholtza gainean, artearen potentzial iraultzaileaz hitz egiten ikusiko ditugu Ekida kultur ekimen sozialistak antolatutako Manifestua ikuskizunean. “Literatura, musika eta eszenografia uztartuz, kantuen eta poesiaren bidez hausnarketa politikoak plazaratzea eta arteak eta artistek duten eginbeharri buruzko galderak egitea da ikuskizunaren asmoa”, azaldu dute Ekida egitasmoko kideek, eta oholtzatik kanpo lanean ari den lantaldea ere goraipatu nahi izan dute, “oholtza gainekoak besteko garrantzia du oholtzatik kanpokoak. Horregatik, teknikari-taldeak, antolakuntzako jendeak eta militante-sareak ere osatzen du ikuskizuna”.

Manifestua Ekidak sustatu eta antolatutako lehen ekimena da eta Gasteizko Herri Unibertsitate Nazionalean estreinatu zen, joan den martxoaren 16an. Orain, ikuskizuna beste lau herritan ikusteko aukera egongo da: maiatzaren 28an Elorrioko Arriola antzokian, ekainaren 5ean Gasteizeko Ibaiondo Gizarte Etxean, ekainaren 19an Azkoitiako Baztartxo antzokian eta ekainaren 25ean Berriozarreko Musika Eskolan.

Ekida kultur ekimen sozialistaren asmoa da “borondate politiko sozialista kulturaren eta artearen esparruetatik elikatzea, arte-ekoizpen sozialistaren antolakuntzarako bidean, horretarako proiektuak sustatu, alderdi formala garatzen lagundu, esanahiaren egokitasun politikoa aztertu, artisten elkarlana bultzatu, eta entseguak eta emanaldiak antolatuz”.

Manifestua ikuskizunaren emanaldi guztietarako sarrera doakoa eta librea izango da, baina aretoetako edukiera mugatua izango denez, aurretik harremanak@ekida.eus helbidera idatzi beharko da gonbidapenak eskuratzeko.

Zabaldu: