(argazkia: Kontseilua)

Erasoei aurre egiteko estrategia bateratua beharrezkoa dela dio kontseiluak

“Ez dugula bigarren mailako herritarrak izan nahi, eta ez dugula zergatik bigarren mailako herritarrak izan. Guk euskaraz bizi nahi dugu, eta bizi diogunean, nahi beste aditzarekin ordezkatzeko eskatzen dugu: harremanak izan, zerbitzuak jaso, erosi, saldu, maitatu, lan egin, jolastu…”.

Eragile, sindikatu eta alderdi politiko askotariko ordezkariak bildu dira EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Kontseiluak deituta, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! izan da elkarretaratzearen leloa.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza ekitaldiaren amaieran, eta lehenbizi Frantziako Konstituzio Kontseiluaren erabakia izan du hizpide, “ozen jarri nahi dugu agerian atzo Frantziako Konstituzio Kontseiluak argitaratutako erabakiaren larritasuna; ozen salatu Asanblea Nazionaleko askotariko gehiengo batek onartutako legea atzera botatzeko Jean-Michel Blancherrek azpikeriaz eta mendekuz jokatu izana. Ozen esan behar dugu komunitateak aurrera egingo duela”.

Horrela, Bilbaok azpimarratu du “ez dugula bigarren mailako herritarrak izan nahi, eta ez dugula zergatik bigarren mailako herritarrak izan. Guk euskaraz bizi nahi dugu, eta bizi diogunean, nahi beste aditzarekin ordezkatzeko eskatzen dugu: harremanak izan, zerbitzuak jaso, erosi, saldu, maitatu, lan egin, jolastu…”. Eta herritarren eskubideei erreferentzia eginez, azken asteetako erabakiak jarri ditu adibidetzat:  “Eta, bai, euskaraz ikasi ere bai, baita gure izenak gure hizkuntzaren grafiaz idatzi ere. Eta nola ez udaltzainekin ere euskarazko harremana nahi dugu, besteak beste, eskubidezkoa dugulako; eskubidea delako”.

Aurreko egunetan egindako adierazpenetan esan bezala, Kontseiluko eledunak berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia politikoa izan dela, eta elementu bat azpimarratu nahi izan du “epaiak oso argi esaten du hemen badela edozerren gainean dagoen printzipioa: edozein eskubideren gainetik, herritarroi gaztelania ezagutzeko ezarri zaigun derrigortasuna”. Horrekin batera, gogoratu du epaia ezin dela kontu isolatutzat hartu. “Gaur EAEko Justizia Auzitegiaren aurrean gaude, baina Nafarroako Justizia Auzitegiaren edota Auzitegi Gorenaren aurrean egon gintezke”. Eta bide horretan, botere juridikoak hartu duen joera azpimarratu nahi izan du: “Epai horien atzean badago botere juridikoak hizkuntza-politika egiteko hartu duen inertzia, gure eskubideak are gehiago murrizteko”.

Bilbaok gertakari hauek guztiek eragin ditzaketen ondorioek sortzen duten kezka eta ezinegona helaraziz jarraitu du hitzartzea. Hala ere, “kezkatuta egotea ez da nahikoa. Berehalako erantzun soziala beharrezkoa da, baina ez da nahikoa”, adierazi du. Epe laburreko erronken ikusmiran kokatu da, “inboluzioari aurre egiteko zer egingo dugun eta nola egingo dugun zehaztea eta adostea” lehentasuna dela adieraziz. Eta batasunerako aldarria egin nahi izan du: “Ezin gara besoak gurutzaturik geratu, ezin dugu etsipenetik jardun, ezin dugu besterik gabe epaia onartu. Hori aldatzeko lan egin behar dugu, denok batera”.

Kontseiluko idazkari nagusiak horrelako eskuhartzeei aurre egiteko estrategia bateratua eraiki beharra aldarrikatu du; bestek beste, hizkuntza-eskubideak murriztuz, euskaraz bizitzeko eskubidea galgatu nahi duen inertzia gelditzeko. Hartara, dei zuzena egin die bertan izan diren eragile politikoei, sindikalei eta sozialei: “Goazen guztion artean horrelakoei aurre egiteko estrategia zehaztera”. Ildo horretan, Kontseiluak lehen proposamena egiteko konpromisoa agertu du, Bilbaok adierazi bezala, “ezin baikara hurrengo epaiaren zain egon, iniziatiba hartu behar dugu”.

Amaitzeko, Bilbaok gogoratu du euskaraz bizitzeko oztopoak baino, horren aldeko neurriak behar direla. “Guk euskaraz bizitzen jarraituko dugu, euskaraz bizitzearen alde batzen jarraituko dugu. Izan ere, badakigu batuz aldatuko dugula, batuz edozein oztopori aurre egiteko gai izango garela. Eta horrexegatik, hurrengo larunbatean Baionan izango gara”, adierazi du.

Zabaldu: