Euskal Herriko sortzaile gazteetzako ikus-entzunezko proiektu profesionalak garatzeko tailerrak martxan

Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta erakusketarako programak hainbat kultur eragilerekin elkarlanean bi tailer proposatu ditu: Sustraiak eta Hemendik.

Sustraiak da Zineleku programak abiatuko duen lehen tailerra. Euskarazko idazketa zinematografikoko laborategi bat izango da honakoa. Hala, naturan hiru eguneko egonaldia egitea proposatzen da, euskarazko ikus-entzunezko edozein formatutarako euskarazko idazketa garatzeko. Topaketa ekainaren 20tik 22ra bitartean izango da Garaionen, eta Harkaitz Cano idazle eta gidoilaria eta Katixa Agirre idazle eta EHUko irakaslea izango dira gidariak.

Idazketa-laborategi honetan parte hartu nahi dutenek proiektuaren sinopsia eta proposamenaren deskribapen artistikoa bidali beharko dute info@zineleku.org helbidera. Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik.

Bestalde, ekoiztetxea bilatzeko edo ikus-entzunezko ideiak garatzeko laguntza bilatzen duten sortzaileentzat, Hemendik izeneko tailerra antolatuko da ekainaren 23tik 25era bitartean, Baionan.

Rencontres sur les Docks 2021 zinema jaialdiaren baitan, eta L´Atalante zinema eta Zukugailua elkartearekin elkarlanean, egonaldi labur honetan Garbiñe Ortega Ikuspuntu zinema jaialdiko zuzendari artistikoa eta Jokin Etcheverria ekoizle, errealizadore eta kazetaria izango dira laguntzaile eta aholkulari lanetan. Gainera, parte-hartzaileek jaialdiko saio guztietara joateko aukera izango dute eta euren proiektua zinemako profesionalen aurrean aurkeztu ahal izango dute. Hautatutako proiektuek Kanaldude sariaren 1.000 euro jasoko dituzte.

Bigarren egonaldi honetan parte hartzeko, proiektuaren laburpen bat bidali beharko da koord@zukugailua.eus helbidera euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez, maiatzaren 26a baino lehen.

Informazioa eta oinarriak: Zineleku.org edo Zukugailua.eus

Zabaldu: