(argazkia: EHAZE)

EHAZEk euskarazko antzerkiari buruzko bi ikerketa aurkeztu ditu

Euskal Herriko Antzerkizale elkarteak euskarazko antzerki eskolei buruzko ikerketa eta 2016-2020 urteetan egondako euskarazko estreinaldiei buruzko ikerketa eman ditu ezagutzera.

EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale elkarteak azkenaldian egin dituen bi ikerketaren berri eman du ezagutzera: alde batetik, euskarazko antzerki eskolei buruzkoa, eta bestetik, 2016-2020 urteetan egondako euskarazko estreinaldiei buruzkoa.

Maddi Goikoetxea EHAZEko kideak Euskal Herriko antzerki eskolen egoera ezagutzeko ikerketa egin du. Aspaldi honetan badira hainbat galdera airean euskal antzerkigintzan: “non ikasi daiteke antzerkia euskaraz? Ze antzerki eskola mota dago Euskal Herrian? Ze pedagogia lantzen da haietan? Ze baldintzatan egiten dute lan antzerkia irakatsi nahi dutenek?”. Azken urtean Covid-19ak sortu duen egoerak, kulturaren beste hainbat arlotan bezala, areagotu egin ditu galdera hauek. “Nola babestu, nola zaindu, nola lagundu, ezagutzen ez duguna?”

Euskal Herriko antzerki eskolen inguruko ezagutzan pausu bat ematen saiatu dira ikerketa honekin. Hala, lan honetan datu ugari bildu da, lokalizatu diren antzerki eskola guztiekin elkarrizketak egin dira, fitxa bat osatu da, eta haiek guztiek azaldutakoarekin ondorengo laburpena osatu dute. Ikerketa honetan oinarritua, laster urrats gehiago emango dituztela iragarri dute; besteak beste, eskola guztien direktorio ireki bat.

Lali Marimon EHAZEko kideak, bere aldetik, 2016-2020 urteetan egondako euskarazko estreinaldiei buruzko ikerketa egin du. “Asko hitz egin izan da euskal teatroari buruz, baina gutxi izan dira orain arte zehaztasunez mintzatu ahal izateko eduki ditugun datuak: Zenbat lan estreinatzen da euskaraz urtean? Haietatik zenbatek dute erdarazko bertsioa? Estreinatzen diren lanetatik zenbat talde dira enpresa, zenbat autonomo, zenbat kultur elkarte? Zenbat lan estreinatzen da haurrentzat, helduentzat, adin guztientzat? Zenbat emakumezko zuzendari dago estreinaldien artean?”.

EHAZEren arabera, “aurreiritzi asko sumatu izan da historikoki euskarazko produkzioen inguruan, euskara hutsez izateagatik. Euskarazko eragileen artean, berriz, sarritan inpresioa izan da aurreiritzi horiek ez dutela sostengu erreal bat; edo akaso numeroek bestelako informazio bat emango luketela, eragina izan dezakeena kultur politiketan eta programazioetan”.

Marimonek gidatutako ikerketak lehenengo datu batzuk jartzen ditu mahai-gainean. “Haien inguruko interpretazioak eta gogoetak egiteko tenorea dugu orain, eta hurrengo pausu batzuetan datu gehiago biltzekoa”. Ikerketaren laburpena, hemen.

Zabaldu: