‘Abdelkader’ pastoralaren lehen emanaldia igandean izango da Ürrüstoi-Larrabilen

Igandekoarekin batera, uztailaren 30ean, abuztuaren 1ean eta abuztuaren 8an ere izango dira emanaldiak. Sarrerak salgai daude jada.

Xiberoko Jauna elkarteak antolatutako Abdelkader pastorala igandean jokatuko da Ürrüstoi-Larrabilen. Denetara lau emanaldi izango dira: uztailaren 25ekoa, eta uztailaren 30ean, abuztuaren 1ean eta abuztuaren 8an. Antolakuntzak azaldu duenez, emanaldi bakoitzean 1.000 lagunentzako tokia izango da.

Jean Louis Davant euskaltzainak idatzi du pastorala eta Abdelkader (Maskara, 1808 – Damasko, 1883) emirraren bizitza du oinarri, XIX. mendearen erdialdean Frantziako Estatuak Aljeria konkistatzearen aurka altxatu zen gizona.

Davantek azaldu duenez, batetik pastoraleko heroiak ez du zertan euskalduna izan eta euskaldunen historia ere bada munduko historia. Gainera, Pauen preso egon zen Abdelkader bere garaian, eta hirurehun bat euskaldun, tartean hogeita bi zuberotar, hil ziren Aljerian frantses konkistaren aurka egindako gerraren bigarren erdian, Abdelkader buru izan zuen lehen erdiaren ondoren.

Xiberoko Jauna elkarteak urtero antolatzen du pastorala, iaz izan ezik, pandemiaren eraginez, urtebete atzeratu behar izan zuten, izan ere, 3.000 pertsona biltzen dira urtero.

Emanaldietarako sarrerak salgai jarri dituzte jada 15 euroren truke, 12 urtetik gorakoentzat, Atharratzen (Piellenia jatetxea), Maulen (Xibero Bio saltegia), Donapaleun (La Ferme Souletine saltegia), Donibane Garazin (Alimentation bar Tabac Paris saltegia) eta Baionan (Elkar liburu denda).

Informazio gehiagorako xiberokojaunaalkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Zabaldu: