(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Abenduaren 27tik 29ra egingo dira Nafarroako Bertso Negulekuak, Legasan.

Nafarroako Bertso Eskoletako haur zein gazteek egonaldia egingo dute 2022ko abenduan, azken urteetako ohiturari eutsiz. Aurten, Lehen Hezkuntzako ikasleak abenduaren 27tik 28ra elkartuko dira, eta DBHko ikasleak 28tik 29ra. Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitarau oparoa antolatu du. Izen-ematea abenduaren 2ra arte egongo da zabalik.

Azken urteetako ohiturari eutsiz, herrialdeko Bertso Eskoletako gazteentzako egonaldia antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bi txandatan izango dira Nafarroako Bertso Negulekuak, ikasmailaren arabera bereiziak: LHko ikasleentzat abenduaren 27tik 28ra, eta 28tik 29ra DBHkoentzat. Bi txandak Legasako Kattalin aterpetxera joango dira eta Nafarroako Bertso Eskoletako irakasleak egongo dira begirale lanetan.

Egitasmoak hainbat helburu ditu, baina, bereziki, herrialdeko Bertso Eskoletan dabiltzan gazteen arteko harremanak bultzatu eta elkar ezagutzan sakontzea da xede nagusia. Horrekin batera, bertsolaritza eskolako logikatik atera eta aisialdiko eremura eramatea ere da Negulekuen helburuetako bat. Norabide horretan, bi txandetarako egitarau oparoa antolatu du elkarteak.

Izena emateko epea abenduaren 2ra arte egongo da zabalik, eta ondoko galdetegia bete beharko da horretarako.

Egitaraua:

Lehen Hezkuntzako ikasleen txanda

Abenduak 27

  • 11:30ean, ongi etorria, hamaiketakoa eta ezagutza jolasak.
  • 12:30ean, Bertiz parkera txangoa. Bertan bazkaria eginen dugu.
  • 17:00etan, Bertso saioaren prestaketa.
  • 18:30ean, Bertso saioa bertsolariekin (Sarai Robles eta Xabat Illarregi)
  • 20:30ean, afaria
  • 21:30ean Gaubela: bingo musikatua

Abenduak 28

  • 09:00etan, gosaria
  • 10:00etan, ikasleen bertso saioa, karta jolasekin lagundurik.
  • 11:30ean, itzulera

DBHko ikasleen txanda

Abenduak 28

  • 11:30ean, harrera eta gelen banaketa.
  • 12:00etan, ezagutza dinamika eta hamaiketakoa.
  • 12:30etik 16:30era, Legarreako simara txangoa. Bertan bazkalduko dugu eta bertso batzuk abestuko ditugu.
  • 16:30etik 18:00etara, denbora librea.
  • 18:00etan, solasaldiaren eta bertso afariaren prestaketa.
  • 19:00etan, solasaldia bertsolariekin.
  • 20:00etan, bertso afaria.
  • 22:00etan, denbora librea.
  • 23:00etan, ohera.

Abenduak 29

  • 8:30ean, esnatu eta logela txukundu.
  • 09:00etan, gosaria.
  • 10:00etan, gazteen bertso saioa
  • 12.00etan, talde jolasa

12.30ean, itzulera.

Zabaldu: