Abesteko prest al zaude?

“Etxean gaude. Baina ez gaude isolatuta. Konfinamendu garaietan, elkartasun apur bat aldarrikatu nahi izan dugu. Bakarrik ezin da, lagunekin bai”, zabaldu du Skakeitan taldeak sare sozialen bidez. “Zuek gurekin abestea nahi dugu”.

Zortzi egun dira berrogeialdian murgildu ginenetik, ordutik hona, asko eta asko dira buruari eraginda, sortzen ari diren ikus-entzunezko originalak. Azkena Skakeitan taldeak atzo plazaratu zuena dugu. Donostiako musikariek bere azken diskoko Ezpainetan odola kantua jo zuten, bakoitzak bere etxetik. Baina, bideoa are bereziagoa egiteko “miresten” dituzten artistei bertan parte hartzeko proposamena luzatu zieten. Hala, Pello Reparaz (Zetak), Izaro Andres (IZARO), Eider Saenz eta Markel Idigoras (Nøgen), Aiora Renteria (Zea Mays), Ane Barrenetxea (Sua), Sara Zozaya, Xabi Bandini, Gary Uriarte (Dupla), Juanjo Berasain (Ezpalak) eta Gartxot Unsain (Madeleine, Grises) musikariekin batera aritu ziren kantuan.

“Etxean gaude. Baina ez gaude isolatuta. Konfinamendu garaietan, elkartasun apur bat aldarrikatu nahi izan dugu. Bakarrik ezin da, lagunekin bai”, zabaldu dute sare sozialen bidez. Erronka baina, ez diete musikariei bakarri luzatu, edonori baizik: “zuek gurekin abestea nahi dugu. Nola? Grabatu ezazu zure burua kantu hau abesten eta bidali iezaguzu helbide honetara: ezpainetanodola@gmail.com”, azaldu dute.

“Tenpoa (128 bpm) eta tonua errespetatzeko, jar ezazue kantu originala kaskoetan eta gainetik kantatu. Bertikalean grabatzea komeni da eta ahotsa bakarrik entzun behar da bideoan”.

Parte hartzen dutenen artean aukeraketa bat egingo dutela iragarri dute eta gehien gustatu zaizkienekin bideo berri bat osatuko dute. “Bertan Pellorekin (abeslaria) batera kanta abesten aterako zarete. Zuen artean gure diskografia, kamiseta bat eta poltsa bat zozketatuko ditugu”.

Zabaldu: