Abian da 2022-2023 ikasturtea Elias Querejeta Zine Eskolako bosgarren promozioko ikasleentzat

Eskolako ikasleen lanek presentzia nabarmena izan dute udako hilabeteetan egindako jaialdien programazioan.

Elias Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkie bosgarren promozioko ikasle berriei, ongietorria eman eta harrera eginez. Gaur hasi da 2022-2023 ikasturtea, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2023ko abenduan, EQZEko ikasleek eskolan egindako lanen aurkezpenarekin. Lehenengo aste honetan, ikasleen hiru taldeekin (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) eta horien koordinatzaileekin lehen topaketak egingo dira, Ikasketa Plana aurkeztuko da, eta EQZEren kide diren erakundeen proiektuak aurkeztuko dira.

Ikasturte berriko ikasleak EQZEren Zuzendaritza Akademikoak (Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariak dituenak) hautatu ditu, onarpen epean 28 herrialdetatik aurkeztutako 165 hautagaien artetik, eta 25 emakumezko eta 20 gizonezko dira: Lau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak dira eta 41 beste herrialde batzuetakoak, hala nola Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Estatu Frantsesa, Estatu espainiarra Mexiko, Nikaragua, Peru, Portugal, Errumania, Suitza eta Uruguaikoak. Ikasleen batez besteko adina 30 urte inguruko da.

EQZEko ikasleen profila oso heterogeneoa dala adierazi dute aurkezpenean: zinema jaialdietan estreinatu eta saritutako film laburren, film luzeen eta instalazioen errealizadoreak, gidoilariak eta editoreak, edo museoetan eta galerietan ikusgai jarritako piezenak; Antropologia Bisualean, Arte Bisualetan, Mediku Zientzietan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Arte Ederretan, Zuzenbidean, Literatur Ikasketetan, Filosofian, Giza Zientzietan eta Kazetaritzan gradudunak, mundu osoko unibertsitateetan (Peruko Unibertsitate Katoliko Pontifizioko Arte Fakultatea, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Arte eta Diseinu Fakultatea, Rio de Janeiroko Unibertsitate Federaleko Gizarte Komunikazioko Fakultatea, Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskola, King`s College, Sorbonne Nouvelle, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Limako Unibertsitatea, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea, Kordobako Unibertsitatea, Texaseko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Pompeu Fabra Unibertsitatea, Eskozia Mendebaldeko Unibertsitatea…); zine eskoletako egresatuak (Bande à Part, ECAM, ESCAC, Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskola, San Antonio de los Bañoseko Zinemaren eta Telebistaren Nazioarteko Eskola (EICTV), Mexikoko Arte Zinematografikoen Nazioarteko Eskola, Arte Dramatikoko Diziplina Anitzeko Eskola, Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionala, TAI, Madrilgo Zine Institutua, Torcuato Di Tella Unibertsitateko Zine Programa, Universidad del Cine (FUC)…); unibertsitateko irakasleak; produkzio eta banaketa zinematografikoko espezialistak; zinema jaialdi, filmategi, ziklo, programa edo erakusketa eta instalazio artistikoen produkzioan, kudeaketan eta programazioan esperientzia duten komisarioak; kritikari zinematografikoak, kolektibo zinematografiko independenteetako kideak, kontserbazioaren arloko espezialistak, ikertzaileak, edo edizioan, muntaian, fotografian, soinuan, diseinuan eta abarretan esperientzia handia duten profesionalak.

Ikasturte akademikoa gaur hasi da, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren inaugurazioa baino lau egun lehenago, eta EQZEko laugarren eta bosgarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean; hala, proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, Zinemaldia barrutik ezagutzeaz gain. Behin Zinemaldia amaituta, irailaren 26an eskola erregularrak hasiko dira.

Zabaldu: