Abian da Arabar gaztetxoentzako bideo-kopla lehiaketa

Azaroaren 19ra arte egongo da lehiaketan izena emateko aukera zabalik. Gaztetxoek koplak sortzeko eta ondoren, kantatuz, bideoak grabatzeko aukera izango dute.

Arabako Bertsozale Elkarteak eta Alea aldizkariak elkarlanean, herrialde honetako 14 urtetik beherako gaztetxoei zuzendutako bideo-kopla lehiaketa abiatu dute. “Gasteizko Udalak antolatzen duen Euskararen Astearen egitarauan txertatuta, gure lurraldean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin eta iaz izandako arrakastak hauspotuta, Bertso-kopla lehiaketa antolatu dugu aurten bigarrenez”, adierazi dute.

Hala, bertsolaritza eta teknologia berriak uztartuta, taldeka, Arabako bertsolari gazteek beraien adimena eta sormena erakusteko aukera izango dute, bideo-lehiaketa formatuan.

Antolakuntzak azaldu duenez, “parte hartzea oso erraza izango da, hiru eta sei kopla artean osatu beharko ditu talde bakoitzak proposatutako gaia landuta. Hauxe izango da gaia: Bihurrikeriak. Ondoren bideo bat grabatu beharko da kopla kantatuz, eta azkenik, bideoa Aleara bidali beharko da lotura honetan ageri den galdetegia bete ostean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “bideoak galdetegiaren bitartez bakarrik bidali ahal izango dira. Ez dira onartuko emailez, whatsapp bidez edo beste edozein bidetatik jasotako bideoak. Epe barruan jasotako bideoak bakarrik onartuko dira. Bidalketa epea azaroaren 19an, eguerdiko 12:00etan bukatuko da. Bideoak bidaltzeko arazorik balego, 695 63 28 62 telefono zenbakira deitu ahal izango da, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara edo bideokopla@gmail.com helbidera idatzi.

Irabazleak eta sariak

Jasotzen diren lanen artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, epaimahaiak Arabako kuadrilla bakoitzeko bideo-kopla onena zein den erabakiko du.

Sari banaketa abenduaren 2an, arratsaldeko 19:00etan, egingo da Gasteizko Salburuko gizarte etxean. Ekitaldian, irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, saio musikatuaz gozatu ahalko da lurraldeko bertsolari onenen eskutik.

Zabaldu: