Abian da ‘Getxoko sortzaileak’ kultur sorkuntzarako beka

Proposamenak jasotzeko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik.

Getxo Kulturak Getxoko sortzaileak deialdiaren seigarren edizioa abiatu du gaur. Ekimenaren xedea da laguntza eskaintzea artelanak egitera zuzendutako sorkuntza prozesu zehatzak garatu nahi dituzten getxoztar guztiei zein udalerri honi lotutako mota honetako proiektuak garatzeko interesa dutenei, nahiz eta bertakoak ez izan. Proposamenak jasotzeko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik.

Denera, zazpi dira deialdiak hartzen dituen modalitate artistikoak: arte eszenikoak, ikus-entzunezko lanak eta bideoklipak, musika, literatura eta ilustrazioa, hezkuntzarako edota bitartekaritza proiektu kulturalak sortzea eta garatzea, obra bisualak eta plastikoak eta baita beste sorkuntza diziplina batzuetako obrak ere. Proiektuak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira, eta ezingo dira itzulpenak izan. Era berean, aurkeztutako obrak sormen-fasean egon beharko dira guztiz garatu gabe eta eskatzaileak bakarka sortutako lanak izan behar dira.

Epaimahaia kultur alorreko profesionalez osatuta egongo da eta kategoria guztietako sorkuntzak hautatzeaz arduratuko da, irizpide hauen arabera, besteak beste: udalerriarekiko lotura, proiektuaren kalitatea eta interesa, obraren jarraipen aukerak (interesa eta irismena aintzat hartuta), euskararen presentzia eta erabilera eta genero-ikuspegia txertatzea.

Proposamenak aurkezteko epea

Aurtengo deialdiari buruzko dokumentazioa dagoeneko eskura dago www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean eta proposamenak era telematikoan soilik aurkeztu ahal izango dira Getxo Kulturako egoitza elektronikoaren bidez (https://sede.getxo-kultura.eus/), bai eta legeak ahalbidetzen dituen aurrez aurreko kokapenetan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna