Deialdi honetan kriseilua berraztertzea proposatu dute. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik.
Bitamine Faktoria mugaz gaindiko sormen eta kultura-ekoizpen lantegiak antolatu duen HAU lehiaketak euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzea du helburu. “Diseinu garaikidearen begiradatik egokitu, berritu eta berrinterpretatzea eskatzen zaie parte hartzaileei, gure historiarekin lotura berriak sortu eta diseinu alorrean ikerketa ildo berriak zabaltzeko”, azaldu dute.
Aurreko edizioetan taloaskea, zizeilua, txokolate-ontzia, sehaska eta gatzontzia izan ziren, besteak beste, aukeratutako objektuak, eta aurtengo edizioan kriseilua izango da. “Antzinatetik, kriseilua argiztatzeko erabili izan da. Material askotakoa (buztina, harria, metala…) izan daitekeen ontzia da, olioa edo beste erregairen bat (argizaria, animalia-koipea…) jartzeko. Bertan kotoizko metxa sartzen da, eta haren muturrean sua piztuz, argia ematen du. Denboran zehar izandako garapenaren ondoren, kriseilua ezagutzen dugun metalezko objektu tipikora iritsi zen: metalezko ontzi mokoduna, zintzilikatu ahal izateko burdinazko hagaxka bati lotua. Kriseiluak edo olio-lanparak egunero erabiltzen ziren etxeko guneak (sukaldeak, biltegiak, logelak…), lantokiak edota eraikin publikoak argiztatzeko. Tenpluetan hileta eta botozko ekintzetarako ere erabili izan dira”, azaldu dute antolatzaileek . “Sehaska tradizionalak zur nobleez eginak izaten dira, eta, zenbait kasutan, gaztainondozko edo zumezko saskigintzaz eginak. Batzuk buru parean teilatutxoa dute haurra aire-korronteetatik babesteko; beste batzuk haurra eltxoetatik babesteko oihal bat zintzilikatzeko masta txiki bat daramate. Lehiaketarako proiektuan erabiltzen den materiala askea izango da eta bat baino gehiago erabiltzeko aukera egongo da”.
Lehiaketa diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago (industria eta produktu-diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, eta abar). Lanak aurkezteko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik. “Edozein pertsona fisikok, edozein herritartasun eta adin duelarik, edo pertsona juridikok, edozein bizileku duelarik, har dezake parte. Lehiaketa honetan parte hartzea urririk da”.
Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako adituez osatuta egongo da.
Lehiaketako irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du. Horrez gain, epaimahaiak hautatutako diseinuak San Telmo museoan egingo den erakusketa batean jarriko dituzte ikusgai, 2026ko ekainaren erdialdetik irailaren bukaerara arte. Hautatutako egileek, halaber, B.lux enpresaren instalazioak bisitatzeko aukera izango dute.
Oinarriak, hemen.