(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Abusu ikastolak hartuko du Ibilaldia 2022 antolatzeko lekukoa

Erro, harri, har lelopean, 2022ko maiatzaren 29an ospatuko da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, Bilbon. Pandemia osteko lehen jai handia izango dela nabarmendu dute.

Abusu ikastolak hartuko du datorren urteko Ibilaldia antolatzeko ardura. Bilbon egin dute aurkezpena eta bertan, hurrengo ediziorako helburuak eta zehar lerroak azaldu dituzte. “2022ko maiatzaren 29n ospatuko dugu Ibilaldia eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz”, adierazi dute.

Pandemia osteko lehen jai handia izango dela nabarmendu dute agerraldian, eta logoari egin diote erreferentzia: “Hiru errotarri adierazten ditu, errota izandako lekuan gaudelako, eta gure lelo jolastiak ere hiru hitz dituelako”, azaldu dute. Erro, harri, har izango du lelotzat, komunitateko hainbaten arteko jardun emankor baten ostean erabakita. “Gutako bakoitzaren ekarpen onena eskatuko digu. Toki handieneko ikastola txikienak handi egingo duena, jolas giroan eta alaitasunez: Erro, sustraiak zaintzen gabiltzalako, harro, errota izandako honetan proiektua errotu asmoz. Harri, harria bezain gogor jardungo garelako, euskara eta ikastolaren alde gotortuta, Euskal Herrian erraza ez den egoeran, temati; murgiltzearen aurka iparraldetik zein beste nonahitik haizea badatorrelako. Har, harrera herri izan nahi dugulako. Gure herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik egon nahi dugulako, euskara eta ikastola eskainiz. Berdintasuna ere helburu dugulako, pandemiak berriz ere handitu dituen zailtasun eta arrakalen aurrean; hezkuntza inklusiboa eta unibertsala, finean. Eta barne-beka sistemarentzat hartzaileak nahi ditugulako. Eta baita ere, langile konprometituenak hartu nahi ditugu, erakarri, geureganatu, eutsi”.

Datorren urteko maiatzean hirugarren aldiz ospatuko da Ibilaldia Abusun, aurretik 1994 eta 2001ean ere egin zen eta. “Herri handieneko ikastola txikiena martxan da”, adierazi du antolakuntzak. “Ibilaldia ez da egun bakarreko jaialdi soil bat, baizik eta urte osoan garatuz doan proiektua. Hala, ikasturte osoan arituko gara elkarlanean, jarritako helburuak betetzeko eta pandemia osteko lehen Ibilaldi handi eta normalizatua izateko asmoz”, gaineratu du.

Zabaldu: