Jaialdiaren zortzigarren edizioa aurkeztu dute gaur. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 12:00etan hasi eta 21:00etan amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.
Glad is the Day jaialdia itzuliko dela iragarri du gaur Donostia Kulturak. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskyk koordinatzen duten ekimen hau 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta denbora gutxian erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Donostiako udan.
Zortzigarren edizioa abuztuaren 4rako antolatu dute, eta, besteak beste, 15 talde eta artista igoko dira oholtzara. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 12:00etan hasi eta 21:00etan amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.
Etenik gabeko bederatzi orduko programazioa izango dela zehaztu dute antolatzaileek, “azokan zein musikan, tokiko izaera eta talentua proposamen harrigarri eta nortasunez betetakoekin konbinatzen dituena. Rap, reggae, pop, punk eta rock estiloak, besteak beste, izango dira beti bezain dibertigarria eta anitza izango den Agertoki Nagusian. Hondamen Sonikoan, berriz, dantza ziurtatuko duten trapa, hip-hopa eta soinu urbanoenak izango dira. Gaua iristean eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban Dj gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen.
Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da eta hainbat denda bilduko dituzten 50 postu izango dira. Hala nola, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak.
Iaz bezala, edizio honetan ere jaialdiaren aurretik musika hitzordu bat proposatzen da, Gladis Aperitifa: abuztuaren 3an, arratsaldeko 19:00etan Musikagela zerbitzuko talde bat arituko da Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan.
Gladys del Estal
Glad is the Day hitz-joko bat da eta Gladys del Estal militante ekologista omentzeko eguna da, donostiar askoren parke gogokoena den hori ahalik eta errespetu eta adeitasun handienaz gozatzeko sortu zen. Helburua beti izan da parkea jaialdiaren protagonista bihurtzea, ez alderantziz.
Musika programa
Agertoki Nagusitik igaroko diren taldeak zazpi dira eta eskaintza koloretsua bezain jostagarria osatzen dute: La Ola Maldita donostiarren surf rocka, Alcala Norteren postpunka, Erromintxelak arrasatearren swinga, La Txamaren soinu eklektikoak, Magia Brutaren gainezka egiten duten ereserkiak, Ibil Bediren letra intimoak eta Silverio mexikarraren ikuskizun ohiz kanpokoa.
Talde horiez gain, hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako zortzi emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa: Makeda (Dj), 1111 (Live), Alai (Live), Sara Goxua (Dj), Kalipotxo (Live), Sixsex (Live), Alta (Dj) eta Sofy Suars (Dj) izango dira gazteenak liluratzen dituzten soinu globalen ordezkariak.