Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista azaleratzeko filma sortzeko diru bilketa martxan

Iñake Irastorzak, Jose Ramon Soroizek eta Miren Arrietak osatuko dute aktoreen zerrenda. Diru bilketa kanpaina Verkami plataformaren bidez egongo da martxan maiatzaren 13ra arte.

Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko graduko ikasle talde batek Muskil izeneko film laburra grabatzeko diru bilketa kanpaina jarri dute martxan. Lantaldeak azaldu duenez, proiektu honen helburua adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista azaleratzea da. “Ohituta gaude genero indarkeria beste testuinguru eta adin tarte batzuetan ikustera, eta gure proposamenak begirada beste puntu batean jartzen du”, adierazi dute.

Filma 80ko hamarkadan garatzen da Muskil izeneko baserrian. Bertan adineko bikote bat bizi da, Ixabel eta Pedro. Pedrok tabernan pasatzen ditu egunak, Ixabelek baserrian bakarrik lan egiten duen bitartean. Egun batean, bizilagun berri bat iristen da, Luisa. Luisa eta Ixabel hobeto eramaten diren heinean, Pedroren tratu txarrak areagotzen doaz.

Iñake Irastorzak, Jose Ramon Soroizek eta Miren Arrietak osatuko dute aktoreen zerrenda. Lantaldea, berriz, Marina Perosanzek (zuzendaria), Eneko Goikoetxeak (zuzendari laguntzailea), Leire Llanok (produkzio burua), Sara Iriartek (produkzioa), Mikel Larrionek (argazki zuzendaria) eta Natalia Berridik (soinu zuzendaria) osatzen dute.

Diru bilketa kanpaina Verkami plataformaren bidez egongo da martxan maiatzaren 13ra arte eta jasotzen dena proiektua aurrera eramateko izango da. Hala, aktoreak, sarien ekoizpena, kamera ekipoa, kilometrajea, katering-a, jantzitegia, atrezzo, makillajea eta ile-apaindegia edota produkzio gastuak ordaintzeko izango da lortzen duten dirua.

Zabaldu: