Ados Teatroa konpainiak ‘52 Hertz’ antzezlana taularatuko du gaur, Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan

Euskarazko bertsioaren Nafarroako estreinaldia izango da honakoa. Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak idatzi dute gizarte-isolamenduaren arazoari heltzen dion lan hau.

Gaur, abenduak 10, Ados Teatroa konpainiak 52 Hertz antzezlana taularatuko du Nafarroako Antzerki Eskolan. Euskarazko bertsioaren Nafarroako estreinaldia izango da honakoa eta Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak idatzi dute gizarte-isolamenduaren arazoari heltzen dion lan hau, azken hura arduratu da oholtzara eramateaz.

Ados Teatroak azaldu duenez, “izenburua metafora bat da, eta neurketa-unitate bati, 52 hertzi, egiten dio erreferentzia. Azken 35 urteetan Ozeano Bareko hainbat tokitan erregistratutako soinu-maiztasun bitxi bat da, balea urdin baten kantuaren antzekoa. Baina balea urdinak 10 eta 39 hertz bitarteko soinu-maiztasunetan komunikatzen dira, eta, beraz, zetazeo hori –gorra, beharbada– espeziearen soinu-ataritik kanpo gelditzen da”.

52 Hertz aurretik mikrodokumental moduan jasotako nahi gabeko bakardadearen benetako testigantzetatik sortutako ikuskizuna da. “Antzezleek testurik gabe hasi zituzten entseguak, baina, aitzitik, benetako pertsonak oinarri hartuta idatzitako zenbait pertsonaia-profil izan zituzten. Hortik aurrera, bakoitzari zegokion rola osatzen aritu ziren antzezleak, bakoitzaren esperientzia abiapuntu hartuta ekarpenak eginez, testu itxi bat eratu arte”.

Gizarte-isolamenduaren sinbolo

Obrak balea bakarti horren metaforari heldu, eta gizarte-isolamenduaren sinbolo bihurtzen du, nahi gabeko bakardadea pairatzen ari diren edo pairatu duten pertsonen gaineko ikuspegi poliedrikoa osatzeko. Soinu horren oihartzuna aditzen da testuan eta taularatzean; doinu ez-errealista bat da, irudi poetiko eta koreografikoz betea.

Konpainiak azaldu duenez, “ikuskizunean zehar bada dramarik, baina baita barre eta irri egiteko tarterik ere, edonorentzako gozagarri izan dadin. Azken finean, xedea da gaiari buruz gogoeta eginaraztea, gaiaz hitz egin dadila, apika ikusleak bakardadearen esperientziarekiko sentiberago bihurtzeko”.

Obraren sormen-prozesuari dagokionez, bakardade-egoeran dauden pertsonek talde teknikoan eta artistikoan parte hartu zuten. Nolanahi ere, antzezle taldea erabat profesionala da. Hauek osatzen dute: Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia (paper berean txandakatzen dira), Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola. “Talde balioaniztuna da, eta antzezle bakoitzak hainbat paper jokatzen ditu, obrako pertsonaien mosaikoari bizitza emanda”.

Ados Teatroaren talde tekniko-artistiko ohikoa dago oinarrian; Garbi Losada (egiletza eta zuzendaritza eszenikoa), Xabi Lozano (argiztapena), Javier Asin (musika), Tytti Thusberg (jantziak), Iñigo Losada (espazio eszenikoa) eta abar. Taldearen osaera egonkorra izanik, nortasun-ildo berak konpainiaren proiektu guztiak lotzen ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna