Adur Larreak irabazi du 2021eko EKE-Elkar literatura beka

Ilustratzaile ziburutarrak datorren urteko martxora arte izango du Lurbinttoko ohoinak izeneko komiki historikoa lantzeko.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Elkar Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak EKE-Elkar literatura beka jarri zuten martxan urtarrilean.

Lehen edizio honetan, kalitate handiko sei proposamen jaso dira. Katixa Dolhare-Çaldumbidek eta Joseba Larratxek osatu dute epaimahaia eta diotenez, “erabakia konplexua izan da”. Haien hautaketa egiteko, irizpide zehatz batzuetan oinarritu dira: aurkeztutako lanaren kalitatea, proposamenak euskal literaturaren alorrean izan dezakeen ekarpena, gaiaren berritasuna, edota euskara maila. Delibero luze baten ondoren, beka Adur Larrea ilustratzaileari ematea erabaki dute. Ziburutarrak datorren urteko martxora arte izango du Lurbinttoko ohoinak izeneko komiki historikoa lantzeko. Istorioa Frantziako Iraultzaren ondoren kokatuta dago eta ohoin banda baten abenturak ditu ardatz. Behin komikia amaituta, Elkarrek argitaratuko du.

Bi erakundeek Gazteluma literatura saria sortu zuten 2000. urtean, Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko eta beren obrak argitaratu ahal izateko. Orduz geroztik, bederatzi idazle saritu dituzte. Baina antolatzaileen arabera, “Gazteluma sariaren garaia amaitu da”. Izan ere, literatura sorkuntza laguntzeko beka horrek aldaketa bat behar zuela uste zuten Elkarrek eta EKEk. “Gazteluma bezala, hau ere bi urtean behin antolatuko da eta beti euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazleei zuzenduta egongo da”. Adinaren irizpidea, berriz, desagertu da. EKE-Elkar literatura beka honen beste berritasun nagusia literatura generoaren hautaketan datza. Eleberri edo ipuin bildumara mugatu ordez, bi antolatzaileek nahiago izan dute genero ezberdin bat proposatu edizio berri bakoitzarentzat. Aurtengoa, komikia edo eleberri grafikoa izan da.

Hala, beka honekin beste pauso bat eman nahi izan dute. “Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea”, adierazi dute.

Zabaldu: