Euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 19an irtengo da Atharratzetik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, martxoaren 29an. Denetara 2.173 kilometroko ibilbidea izango da.
“Inoizko parte-hartzaileena izatea du helburu aurtengo Korrikak”, halaxe adierazi du AEKk gaur. 24. edizioaren ibilbidea ezagutzera ere eman du. Denera, 3.436 lekuko – hartze izango dira lasterketan zehar eta 2.175 kilometro izango ditu aurten ibilbideak.
Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik aterako da martxoaren 19an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, Bilbon amaituko da, hil bereko 29an, gutxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean. Ibilbidearen xehetasunak Korrika aplikazioan azaldu dira esklusiban, eta bertan zein webgunean kontsulta daiteke nondik igaroko den. Kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.
Antolatzaileen esanetan, Atharratze eta Zuberoako Basabürüa eskualdea orohar “Korrikaren itzalguneetako bat da”. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen (4. Korrika); hots, Atharratzetik abiatu zen urtean.
Nabarmendu dutenez, “euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan: Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela % 15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Zuberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea”. Abiatzea 15:30ean izango da.
Amaiera, berriz, eta Korrikaren beste ohitura batekin jarraituz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan finitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbok izango du Korrikaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin. Goizeko 07:20ak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburura. Eguerdian, berriz, lekuko barruko mezu sekretua irakurriko dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.
Hiriburuak
Hiriburuen artean, Maule izango da lehena: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da horra. Donibane Garazin, ordea, martxoaren 20an, ostirala, izango da, gaueko ordu txikietan (02:50ean).
Iruñera, aldiz, martxoaren 22an iritsiko da, igandea; Alde Zaharrera bazkalorduan/bazkalostean helduko da bete-betean, 14:30ean.
Martxoaren 24an, asteartea, Baionaren txanda iritsiko da, 20:30ean. Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkena, ibiliko da: goizeko 08:15ean Altzan, 9:30ean Intxaurrondon, 11:00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian (11:55)…
Tipi-tapa!, atsedenik hartu gabe, 27an, ostirala, 21:00ak aldera, Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.
Korrika aplikazioa
Aplikazioa berrikuntzekin dator aurtengo edizioan. Batetik, Korrika Laguntzaileak izango dira lehenak ibilbidearen berri izaten, “Korrikak iraun bitartean, eguneko bideo-kronika bereziak eskainiko dizkiegu aplikazioaren erabiltzaileei”, adierazi du antolakuntzak.
Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: “batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa; horri lotuta, aplikazioak bilatzaile aurreratua duela zehaztu dute: “erraz ikusi ahal izango da non dauden herri, eskualde edota kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko ditugu 24 orduz”.
Horretaz gain, ohiko atalak ere baditu aplikazioak: “Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan”.
Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri primizian jasotzeko (orain arteko gertaerak: aurkezpena, abestia, ibilbidea…).
IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri aplikazioa, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeheraren berri emango du, doan.