(argazkia: AEK-Korrika)

AEK-Korrikak 2024ko Ibilbideari Elkar Saria jasoko du

Orain arte AEK-Korrikak egin duen lana eskertzeko eta goraipatzeko. Elkar Sariak maiatzaren 23an banatuko dira, arratsaldeko 18.00etan, Elkar Fundazioko Adunako egoitzan. AEK-Korrikaz gainera, ekitaldi berean Joseba Jaka Beka jasoko du Josu Goikoetxeak.

Elkar Fundazioak 2024ko Ibilbideari elkar saria AEK-Korrikari ematea erabaki du. Hala, AEK erakundea eta Korrika ekimena sarituko dira aldi berean. “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea izan da eta da AEKren xedea eta horretarako euskararen normalizaziorako eremu guztietan egiten du lan: ezagutzan, erabileran eta sustapenean”, adierazi du Fundazioak.

Frankismoaren garai beltzean, euskara ikasi eta euskaraz ikastearen aldeko mugimendu zabala eratu zen Euskal Herrian, ikastolak eta gau eskolak sortuz. Garai hartako ekimenaren ondorioetako bat AEKren sorrera izan zen.

Baldintza zailetan, eta ia hutsetik abiatuta, heldu euskaldunak alfabetatzeko eta euskalduntzeko herriz herri sortu ziren gau eskolak koordinatzeko antolatu zen AEK, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, 70eko hamarkadan, Euskal Herri zabaleko gau eskolak eta euskaltegiak bere barne bilduz. Urte luzetan, instituzioen behar bezalakoa ezagutzarik gabe aritu behar izan zuen 80 eta 90eko hamarkadan, eta horrek baliabide falta eta baldintza ez egokiak eragin zizkien. Lan baldintza egokien gabeziari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien AEK-k bere xedea lortzeko ahaleginari uko egin gabe.

Milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen Korrikaren eskutik. “Ekarpen handia egiten dio, ez bakarrik helduen euskalduntzeari, baita euskararen normalizazioari ere. Bi urtetik behin, milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu Korrikaren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da. Martxoan egin berri den azken edizioak argi erakutsi digu hori, harro dagoen herria kalera atera da Euskal Herria euskararen herria dela eta izatea nahi dugula esateko”, adierazi du fundazioak.

Korrikak indar handiko irudi bat duela dio fundazioak: “era guztietako (askotariko) jendea elkarrekin ari da korrika eta lekukoa eskuz esku pasatzen doa. Irudi horren bidez erakusten da euskaren normalizazioak denon beharra duela, denon artean elkarrengandik hartuz eta elkarri emanez lortuko dugula Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz bizitzea. Hori da AEKren lanak urteotan erakutsi duena, euskararen normalizazioa ezin baita sinplifikatu eta mugatu haurren eremura. Azken Korrikako mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.

Elkar Sariak maiatzaren 23an banatuko dira, arratsaldeko 18.00etan, Elkar Fundazioko Adunako egoitzan. AEK-Korrikaz gainera, ekitaldi berean Joseba Jaka Beka jasoko du Josu Goikoetxeak.

Zabaldu: