Zazpikotearen berezitasuna da 70 eta 80ko hamarkadetako roots reggaea eredu hartuta egiten duten haren berrinterpretazioa, baita sentimenduez, gizarte honetako gaitzez eta hura aldatzeko mezuez diharduten euskarazko hitzak ere. Diskoa entzungai dago jada plataforma guztietan.
Iker Beñaran Beñaranks, Lander Ilarraz Ilarbass Ilarraz, Ivan Moreira MoreiReggae, Aitor Etxeberria Dubrktor, Jorge Ortega Iortx, Iker Gaskon Selektah eta Unai Fontan musikariek osatzen dute Agoteak reggae talde berria. Euskaraz abesten dute, gizartean gertatzen diren kontuez eta aldaketaren beharraz.
Donostia inguruko zazpi musikari hauek hainbat urtez itzalean lan egin ondoren eta zuzeneko pare bat eginda, beraien lehenengo diskoa kaleratu dute orain, Agoteak izenpean, taldearen izen bera erabiliz.
Musikari gipuzkoar hauek azaldu dutenez, “agoteak Baztan bailaran egurra eta harria maisuki lantzen zituen etnia arrazializatu eta zigortu bat izan zen, eta haien omenez izendatu dugu banda, mundu osoko zapalduei egindako keinu gisa”. Agoteak taldearen bereizgarria da 70 eta 80ko hamarkadetako roots reggaea eredu hartuta egiten duten haren berrinterpretazioa, baita sentimenduez, gizarte honetako gaitzez eta hura aldatzeko mezuez diharduten euskarazko hitzak ere.
Agoteak diskoa A-lone Ark estudioan grabatu dute eta plataforma guztietan dago entzungai dagoeneko.