(argazkiak: Eusko Ikaskuntza)

Agustin Azkaratek eta Ane Zulaikak jaso dituzte Eusko Ikaskuntza-Laboral sariak

Azkaratek Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria eskuratu du. Zulaikak, berriz, Emakumeak Blai lanagatik eskuratu du Gazte Saria.

Agustin Azkaratek eraman du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien saria. Hala ebatzi du sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek, eta bi erakundeko ordezkariek. Epaimahaiaren ustez, “bere ekarpenak maila akademikotik harago, dimentsio humanistiko, kultural, artistiko eta sozial nabarmena izan du” eta Azkarateren proiekzioa, akademian eta unibertsitatean ez ezik, transferentzia ere zientzia aplikatuak gizartera egiten asmatu duela azpimarratu dute.

Epaimahaiaren arabera, Azkarateren interes akademikoa espezializazio arlotik harago doa; “izan ere, bere ibilbidean zehar hainbat diziplina landu ditu, guztiak bikaintasun-maila handiarekin. Arkeologia eta Kultur Ondarea dira bere espezializazio arloak, eta horien eta alboko beste batzuen artean loturak aurkitzeko gaitasunari esker, diziplina anitzeko maila zientifiko handiko ikerketa taldeak osatu eta zuzendu ditu. Horien bidez, ikertzaile gazte askok bikaintasun zientifikoko prestakuntza jaso dute eta, horrekin batera, gizarte erantzukizuneko sentimendu sendoa”.

Diziplina anitzeko dimentsioa da Azkarate irakaslearen nortasunaren ezaugarrietako bat, eta, ildo horretan, puntako erreferentea da zientziaren eta horren erabilgarritasunaren inguruko gizarte komunikazioan.

Epaimahaiak azpimarratu nahi izan du Agustin Azkarateren lanak sakonki uztartzen direla Euskal Herriko errealitatearekin eta gizarte- eta kultura-garapenarekin. Izan ere, Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko planean ondo baino hobeto islatzen da hori. Hogei urtetik gora iraun zuen Obretan eta irekita izeneko programa eredugarriak nazioarteko zabalpena eman zien tenplu gotiko handiaren indusketa arkeologikoko eta zaharberritze historiko eta artistikoko lanei. Ekimen horrek hamaika erakunderen goraipamena jaso zuen. Halaber, unibertsitatea erakunde publiko eta pribatuekin lotzeko gogoa da Azkarateren ibilbidearen beste ezaugarri nabarmen bat.

Ane Zulaikak jaso du Gazte saria

Emakumeak Blai lanagatik eskuratu du Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Saria Ane Zulaikak. Hala erabaki du aho batez epaimahaiak. Bere lanak euskal emakumeek XX. mendearen bigarren erdian itsasoarekin zuten harremana erakustea du xede, euskaraz ekoiztuko den film labur batean.

Pieza hori 2021-2022 urteetako epealdian egingo du eta, zehazki, ikerketa lan bat izango da, begirada anitzak behatu, bestelako ahotsak entzun, testigantzak jaso, artxiboak errekuperatu eta horrela emakumeen 60-80 urteetan itsasoarekin zuten harremana irudikatuko du eta hausnarketa berriak sortuko ditu.

Ane Zulaika 31 urtetako donostiarra da. Komunikazioan graduatuta, Artxibo graduondokoa egin zuen Elias Querejeta Zine Eskolan. Azken horretan, ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko formazio teorikoa eta praktikoa jaso zuen.

Epaimahaiaren aburuz, lanak sariaren xedearekin bat egiten du guztiz: “ezkutuan egon den emakumearen errealitate bat agerian jartzen du proiektuak eta ahaztuta dauden artxibo amateurrak berreskuratzeko ahalegina egiten du, begirada berriak jasoz emakumearen harremanean itsasoarekiko: naturarekiko konexioa, berdintasuna eta jasangarritasuna balioan ipiniz”.

Zabaldu: