(Argazkia: Mintzola)

‘Ahots Baten’ sormen egonaldirako izen-ematea astelehenetik aurrera zabalik

Egonaldia abenduaren 27tik 30era izango da Amaiurko aterpetxean. Bertan, Ane Labaka bertsolaria, Maialen Belarra gai-jartzailea, Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe Josevisky komikigilea eta Miren Narbaiza MICE musikagile eta kantaria izango dira.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzan trebatutako gazteak Ahots Baten sormen egonaldian elkartuko ditu Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak. “Iaz, pandemiaren eraginez egun banatako bi saio egin baziren ere, leheneratu eta lau eguneko egonaldia izango da aurtengoan”, azaldu dute. Amaiurko aterpetxean egingo dute egonaldia, abenduaren 27tik 30era bitartean. Izena emateko epea astelehenetik abenduaren 3ra arte egongo da zabalik, baina izen-emate ordena hartuko da aintzat. 100 euro ordaindu beharko dira egonaldian parte hartzeko.

15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektua da Ahots Baten. Urte osoan zehar, antzerkia, bertsoa, kantua edota narrazioa edo kontakizuna: “ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzen dituzten gazteek kultur adierazpide horietaz gozatzeko eta haiekin esperimentatzeko aukera izango dute lau eguneko egonaldian; baita, nola ez, beraien arteko harreman sareak eraikitzeko ere”.

Bigarren eta hirugarren egunetan kultur diziplina horietan iaioak diren sortzaile ezagunak batuko dira taldera: Ane Labaka bertsolaria eta Maialen Belarra gai-jartzailea izango dira tartean, baina baita Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe Josevisky komikigilea eta Miren Narbaiza Mice musikagile eta kantaria ere.

Aurten, izen-ematea www.bertsozale.eus ataritik

Mintzolak antolatu du ekimena 2015etik, Bertsozale Elkartearekin batera beste zenbait bidelagun ere hartuta. “Udan iragarri bezala, Mintzola azkentze prozesuan dago, eta honenbestez, Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak bideratuko dugu antolaketa aurtengoan, eta webgune honetatik egingo da Ahots Baten sormen egonaldirako izen-ematea”.

Zabaldu: