(Argazkia: Mintzola)

‘Ahots Baten’ sormen egonaldirako izen-ematea zabalik

Ahots Baten sormen egonaldia abenduaren 26tik 30era izango da aurten. Bertan, Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar Amorante kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak elkartuko dira taldearekin.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzan trebatutako gazteak Ahots Baten sormen egonaldian elkartuko ditu Mintzola Ahozko Lantegiak bosgarren urtez jarraian. Azkoitiko Abaraxka aterpetxean egingo dute egonaldia, abenduaren 26tik 30era bitartean eta izena emateko epea gaur zabaldu dute abenduaren 2ra arte.

15 eta 22 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzenduriko egonaldia da Ahots Baten: antzerki, bertso, eta kantu-eskolatako kideei batez ere, baita Urruzuno Literatura Sariketako eta Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako gazteei ere.

Egun bakoitzean diziplina batekin esperimentatuko dute gazteek, eta adierazpide horretako aditu batekin elkartuko dira: lehen egunean, antzerkiaren inguruan ariko da taldea solasean Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera; bigarrenean, kantua landuko dute Iban Urizar Amorante musikari eta kantariarekin; hirugarren jardunaldian, literatura izango dute mami Harkaitz Cano idazlearekin; eta, azken egunean, bertsolaritza Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariekin.

Mintzolak Ikastolen Elkartearekin batera antolatzen du urtero ekimena, euskarazko ahozko kultur sorkuntzako beste zenbait eragile eta sortzaile ere aintzat hartuta.

Izena eman nahi duenak abenduaren 2ra arte izango du aukera hemen.

Zabaldu: