‘Ahotsak eta harriak tankeen aurka: poeta palestinarren erresistentzia’ errezitaldia, martxoaren 14an, Gasteizen

Emanaldian Eider Beobide, Olatz Esteban, Oihane Gurrutxaga, Miren Irizar eta Ainhoa Salaberria itzultzaileek parte hartuko dute.

Aurtengo EIZIE Egunaren karietara, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Ahotsak eta harriak tankeen aurka: poeta palestinarren erresistentzia errezitaldia antolatu du martxoaren 14rako, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “genozidioa etengabekoa den honetan, palestinar ahotsak gurera hurbiltzeko beharraz oharturik eta itzulpena tresnatzat hartuta, palestinar herriaren erresistentzia ohoratzeko poesia errezitaldia da honakoa”. Gaineratu dutenez, “Palestinarrak hiltzen, deserriratzen eta sarraskitzen dituzten bitartean, haien ahotsak hauspotu nahi ditugu tankeen aurka. Olibondoek zutik eta bonbek isilik  behar dute noizbait loreei buruz idatziko badute. Hauek dira martirien ahotsak kolonizazioaren zapalkuntzapean. Hau da hitzaren erresistentzia masakrearen aurrean”.

Emanaldian Eider Beobidek, Olatz Estebanek, Oihane Gurrutxagak, Miren Irizarrek eta Ainhoa Salaberriak parte hartuko dute.

Hamahiru poeta palestinar: gailendu dadila hitza

Joan den udazkenean, Senez itzulpen aldizkariaren 56. zenbakian, hamalau itzultzaileren ahaleginari esker euskarara ekarritako poema bilduma eman zuen argitara EIZIE elkarteak Hamahiru poeta palestinar: gailendu dadila hitza izenburupean. Isabel Etxeberria Ramirezek koordinatu eta editatu zuen bilduma.

Ondoren, APOA poesia taldeko kideek ahotsa jarri zieten poema horiei, eta entzungai daude Dinamoa sormen gunean.

Orain, berriz, poemen itzultzaileetako batzuek Gasteizen taularatuko duten errezitaldia sortu nahi izan dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna