Berri Txarrak taldeak uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin zuzeneko berezia eskainiko du, mundu mailako hamabost gonbidaturekin batera. Hauek dira oholtzara igoko diren musikarietako batzuk: El Drogas, Leire Iseo (Iseo & Dodosound), David Ruiz (La MODA), Aiora Renteria (Zea Mays) eta Iñaki Altolagirre Matxet (Sega Sound Killers, Jousilouli, Naizroxa).
Gaueko 21:00etan hasiko da zuzenekoa eta aurretik, 16:30etik 20:30era bitartean, euskarazko kultur edukiz betetako egitaraua prestatu dute, eta horren barruan, Durangoko Azokako Ahotsenea guneak bere egitarau propioa izango du. Hain zuzen, bi oholtza izango ditu Ahotseneak, Triangelu karpa eta Basoa, eta bertan zortzi talde edo bakarlarik jotzeko aukera izango dute, 30 minutuko kantaldiak izango dira denak.
Egitaraua osatzeko deialdia datorren ostegunean, ekainak 6, zabalduko du Ahotseneak, goizeko 9:00etan. Izena emateko ahotsenea@durangokoazoka.eus helbidera idatzi beharko da.
Ahotseneak adierazi duenez, generoa eta lurraldetasuna hartuko dute kontuan taldeak eta bakarlariak hautatzerako orduan.
Berri Txarrak taldeak 2019an Euskal Herrian eman beharreko kontzertu guztietarako sarrerak ordu gutxitan agortu zirela kontuan hartuta, erabaki zuen ez-ohiko kontzertu hau eskaintzea.