(argazkia: Ordiziako Udala)

‘Ahoz Aho’ Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia martxoaren 28ra arte

Kontalaritza, magia, bertsolaritza eta zirkua uztartuko dituzte aurtengo jaialdian, Kolonbia, Grezia, Frantzia, Polinesia, Nikaragua eta Kubatik etorritako artistekin.

Asteburu honetan eman diote hasiera Ahoz aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 13. edizioari. Tolosa eta Ordizia izan ohi dira jaialdiaren ekintzak hartzen dituzten herri nagusiak, baina aurten Intujai Teatroko kideek beste salto bat ematea erabaki dute eta Amezketan, Albizturren, Ibarran eta Arrasaten ere egingo dituzte, besteak beste.

Hasierako ildoari jarraituz, Euskal Herriko artistekin batera, kanpoko sortzaileek ere parte hartuko dute aurtengo jaialdian, eta kontalaritzaz gain, magiak, bertsolaritzak eta zirkuak ere izango du lekua euskal kontagintzaren ezinbesteko erreferentzia bihurtu den jaialdi honetan. Antolatzaileek adierazi dutenez, Kolonbia, Grezia, Frantzia, Polinesia, Nikaragua eta Kubatik etorritako artistak izango dira aurtengo gonbidatuak.

Emanaldiez gain, bi ikastaro ere izango dira aurtengo edizioan: bata haurrentzat zuzendua Maider Alzelaik eskainia eta bigarrena helduei zuzendua Carolina Ruedaren eskutik.

May Gorostiaga Intujai Antzerki taldeko kideak Ipuin Narrazio Lehiaketak hartu duen garrantzia nabarmendu nahi izan du, izan ere beste urtetan parte hartutako hainbat kontalarik orain ohiko egitarauan ikus daitezke.

Hala, martxoaren 28an, azken egunean, Beste pertzepzioak izenpean egingo dute Euskal Narratzaileen Topaketaren barruan urtero antolatzen duten mahai ingurua Tolosan. Intujaitikoek azaldu dutenez, dislexia duen Iñaki Cantero kontalariak, itsua den Pello Mindegiak eta Asperger sindromea duen Mikel Sagarzazu aktoreak parte hartuko dute. Bertan, ipuinak entzuterakoan eta kontatzerakoan izaten dituzten pertzepzioak azalduko dituzte.

Mahai inguruaren ondoren, Celine Ripoll kontalari frantsesak polinesiako tradiziotik abiatutako emanaldia eskainiko du. Eguna amaitzeko bazkaria egingo dute, eta urtero bezala, bertan eskainiko dute ahozkotasunari egindako ekarpena goraipatzeko banatzen duten Urrezko Kalabaza saria. urten ahotsak.eus egitasmoa sarituko dute, ahozko bilketaren inguruan egiten duten lana eta horrek duen garrantzia azpimarratzeko.

Ahoz aho jaialdiaren egitarau osoa ikusteko hemen.

Zabaldu: