Ahostegunak (argazkia: Mintzola)

Ahozko hizkerari buruzko ikerketen mintegia eta gazteentzako ‘Ahostegunak’ eta ‘Ahots Baten’ antolatu ditu Mintzolak

Mintzolaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera.

Euskaltzaindiak Mintzolak udazkenerako antolatutako programazioaren berri eman du gaur. Mintzolaren lan-eremua euskarazko ahozko jarduna da, bereziki euskarazko eguneroko hizkera, eta eremu horretan, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean ari da.

Ikerketaren arloan, ikerketa deialdien bidez saritutako gradu- eta master-amaierako lanen, ikerketa monografikoen eta beste erakunde batzuekin elkarlanean abiatutako ikerketen emaitzak izango dira hizpide datorren urriaren 18an, Donostian, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan antolatutako Mintzola mintegian.

Goizeko 9:00etan emango zaio hasiera egitarauari, ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako lanen, eta ikerketa lan monografikoaren aurkezpenekin. Arratsaldean, ikastetxeetan lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintzaren lantaldeak eta EHUko irakasle-ikertzaileek hartuko dute hitza. Azken hauek hitanoaren inguruko azterketaren nondik-norakoak eta Gaztelania eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean ikerketaren ondorioak azalduko dituzte. Mintegia irekia eta doakoa izango da baina bertaratu nahi duenak izena eman beharko du donostiaordez@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita edo 943428050 telefono zenbakira deituta.

Ahostegunak eta Ahots Baten

Sustapenaren alorrean, gazteak izango dira protagonista Mintzolaren udazkeneko bi ekimenetan: Ahostegunak eta Ahots Baten.

Ahostegunak ekimenaren bidez, 18 eta 22 urte bitarteko gazteek bertsoaz, literaturaz, kantuaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute. Amaia Elizagoienek, Aner Peritzek, Itziar Telletxeak eta Oihana Aranak osatzen dute antolaketa taldea eta aurtengo artista gonbidatuak Ainhoa Larretxea, Sustrai Colina, Garazi Arrula eta Goxua’n salsa taldea izango dira. Doako saio hauek azaroaren 9an, 16an eta 23an izango dira, arratsaldez, Iruñean, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan.

Izen-ematea Akademiaren webgunetik egin beharko da: https://labur.eus/hIAKT

Ahostegunak ekimenaren ildo eta lantalde berarekin dator Ahots Baten sormen egonaldia ere. Gabonetako oporraldian, abenduaren 26tik 30era, euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartu, beraien arteko harreman-sareak ehundu eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko bilgune izango da Beizamako aterpetxea. Hauek izango dira aurtengo artista gonbidatuak: Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Oier Zuñiga, Bea Egizabal, Gaizka Sarasola eta Markel Rodriguez. Izena emateko epea azaroaren 20tik abenduaren 10era mantenduko da zabalik Mintzolaren webgunean.

Euskaltzaindiak Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen laguntza izan du bi ekimen hauen antolaketan.

Zabaldu: