(argazkia: EKE)

Ahozko oroimenari buruzko ‘Eleketa’ erakusketa ikusgai Hazparnen

Azaroaren 7ra arte, Pierre Espil Mediatekan, 68 bat lekukok (Aiherra, Bastida, Beskoitze, Donoztiri, Hazparne, Heleta, Izturitze, Lekorne, Lekuine, Makea) beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute, 200 ikus-entzunezko pasarteren bidez. 

Euskal Kultur Erakundeak proiektu handi bat abiatu zuen 2007an: Ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren bilketa. Programa hau, gaur egun Eleketa izenarekin ezagutzen da, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obragintzapean egiten da, urtero hogeita hamar bat lekukotasun bilduz.

Hala, EKE-k Eleketa fondoaren aberastasuna ezagutzera eman nahi du. Eleketa, ahozko memoriak izeneko multimedia erakusketa xede honekin jarri dute martxan: “lurralde bakoitzean bildutako lekukotasunak lurraldera itzul daitezen eta jendeak goza ditzan”.

Azazoaren 7ra arte, Hazparneko Pierre Espil Mediatekan, 68 bat lekukok (Aiherra, Bastida, Beskoitze, Donoztiri, Hazparne, Heleta, Izturitze, Lekorne, Lekuine, Makea) beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute, 200 ikus-entzunezko pasarteren bidez. Azpimarratzekoa da, baita ere, bideo-pasarteak beren jatorrizko transkripzioarekin eta itzulpenarekin (euskaraz edo frantsesez) aurkeztuak izango direla erakusketan.

Bestalde, horien denen osagarri, lurraldeko lekukoek utzitako zenbait irudi eta objektu ere erakutsiko dira.

Partikularrak eta ikerlariak bezala, tokiko irrati eta telebistak ere ari dira oraino Euskal Herriko memoria biltzen. Maite Barnetchek (1941-1986) hainbat erreportaje egin zituen, telebista publikoak Euskal Herria orai eta gero lelopean zabaldu zituenak 1971tik 1986ra arte. Horietako batzuk Hazparnen ikusi ahal izango dira.

EKEk gainera, sortzaileei ere erakusketan partehartzeko aukera eskaini die. Lur Olaoizola (Donostia, 1988) eta Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagileei ahozko memoriari buruz ikertzea eskatu zaie eta bakoitzak bere gogoeta eta irakurketa pertsonalak eskainiko dizkio bisitariari aurkeztutako lanen bitartez.

Eleketa, ahozko oroimenak erakusketak Ipar Euskal Herriko beste lurraldeetan ere egongo da hurrengo hilabeteetan, beti ere tokian tokiko testuinguruari egokituz, han eta hemen bildutako lekukotasunak baloratuz. 2020ko azaroaren 14tik abenduaren 13ra, esaterako, Donibane Lohizunen paratuko dute.

Zabaldu: