“Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika” izeneko ikastaroa uztailaren 9an eta 10ean egingo dute.
Mintzola Ahozko Laborategiaren arabera, ahozkotasuna euskara ikasgaian landu ohi da maiz, baina ahozko komunikazioa edonon eta edonoiz ageri zaigu: “ikastetxetako gainerako ikasgaietan ez ezik, ikasgelako zein handik kanpoko giza harremanetan ere bai”, adierazi dute. “Antzerkia, bertsolaritza, kantua… horien bidez ahozkotasuna modu gozagarrian landu daiteke, eta eragin ona izan dezake ikasgelatik kanpoko harreman ohituretan ere”. Horren inguruan ariko dira uztailaren 9an eta 10ean EHUko Uda Ikastaroetan antolatu duten eskolaren baitan: Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika.
“Ikasgelan, ahozkotasuna lantzeko askotariko moduak daude, eta ahozko kultur sorkuntza zenbaiten didaktika esperientziak ezagutuko ditugu lehen egunean”: Arantxa Hirigoien, Gotzon Barandiaran eta Mikel Artola gonbidatu dituzte horretarako, antzerkiaren, kantuaren eta bertsolaritzaren ikasgela barruko esperientziak ezagutzeko. Hezkuntza arautuan ahozkotasunaren lanketari eta horrek gazteen hizkuntza eta harreman ohituretan izan dezakeen eraginari buruz ariko dira bigarren egunean Olatz Bengoetxea, Aroa Murciano, Ainhoa Ezeiza eta Joxerra Garzia.
Egungo egoerak ekarri du berrikuntzarik. Bi eguneko ikastaroa Miramar Jauregiko ikasgelan bertan jarraitu ahal izango da, osasun neurriak hartuta eta horiek bermatzeko kopurua mugatuta; baina online jarraitzeko aukera ere izango dute ikasleek, zuzenean. Batera ala bestera egin, izena eman behar dute interesdunek: ikasgelan bertan aritzeko 77 euroko matrikula ordainduko da, eta etxetik jarraitzeko, 65ekoa. Zenbait kasutarako matrikula murriztuak ere eskaintzen dira EHUko Uda Ikastaroen webgunean.
Izena emateko aukerak: modu presentzialean jarraitzeko eta online egiteko.
Programa osoa hemen.
Bestalde, UEUk bere eskaintzaren baitan iragarria zuen jada Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako Udako Bertso Eskola bi eguneko ikastaroa. Iruñeko Katakraken zen egitekoa, ekainaren amaieran, baina egungo egoerara moldatu behar izateak dinamika bera asko baldintzatzen zuen, tailer itxurakoa izanik, eta hurrengo urtean egitea erabaki dute.