Agustin Arrietak filosofiaren ezinbesteko zeregina aldarrikatzen du ‘Manifestu Filosofikoa’ saiakeran

Informazioaren anabasaren garaian, Agustin Arrieta filosofo eta idazleak filosofiaren ezinbesteko zeregina aldarrikatzen du argitaratu berri duen Manifestu Filosofikoa saiakeran. Gaurkotasunez betea eta manifestu-izaera argia uztartuz, egileak egia eta justizia bezalako balioen defentsa ausarta egiten du Alberdania argitaletxearen eskutik kaleratu duen lanean.

Aritz Galarraga editorearen arabera, liburu honetan Arrietak “berriro ere filosofiaren zentzua eta balioa ekarri ditu lehen lerrora. Aspalditik euskal pentsamenduaren ahots argi eta zorrotzenetako bat den autoreak liburu honetan gogoeta sendo baina irakurterraza proposatzen du, filosofiak gaur egungo gizarte konplexuan izan dezakeen eginkizunaz”.

Arrieta ezaguna da bere dibulgazio lanagatik. “Euskal Herriko Unibertsitateko filosofia irakasle izateak, zalantzarik gabe, lagunduko zion pentsamenduaren diziplina hori publiko zabalago bati hurbiltzen”, dio editoreak. Izan ere, urte luzez saiatu da filosofia akademiaren esparrutik atera eta gizartean presente egon dadin. Horren erakusgarri dira aurretik argitaratutako hainbat lan, besteak beste Alberdania etxeko Zerberri sailean argitaraturako Sinesmenak eta usteak (2010), zentzu komunaren aldeko aldarri dena, edota erreferentzia bihurtu den Zertaz dihardu filosofiak? (2002).

Manifestu filosofikoa liburuak aurreko lan horien ildoa jarraitzen du, baina, honetan, manifestu forma eman dio testuari, bere printzipioak eta asmoak modu argian plazaratuz.

Saiakerak helburu bikoitza du: alde batetik, filosofiak gaur egungo gizartean izan dezakeen eginkizuna zehaztea; bestetik, irakurlea konbentzitzea diziplina horren premiaz. “Informazioaren eta ustezko ezagutzaren tsunamiaren garaian, non datu, iritzi eta zarata ugariren artean orientatzea gero eta zailagoa den, Arrietak galdera nagusi bat planteatzen du: zertarako balio du filosofiak gaur? Liburuak galdera horri erantzun pausatua ematen dio, pentsamendu kritikoa anabasaren eta konplexutasunaren aurrean ezinbesteko tresna dela defendatuz”, nabarmendu Galarragak. “Manifestu filosofikoa ez da soilik gogoeta teoriko bat. Autorearen konpromisoaren adierazpena ere bada: filosofiak gizarteari zer eskaini diezaiokeen azaltzeko eta irakurlea pentsamenduaren praktikarekin berriro konektatzeko gonbidapena da”.

You may also like

Kaleko Urdangak taldeak ‘Morts pour la patrie’ abestiaren bideoklipa aurkeztu du
Posted on 2019-11-11 by KulturSharea
Kaleko Urdangak taldeak Vis Vires estatubatuarrekin batera, split [...]
Xabier Etxeberria idazleak ‘Txoria nintzela’ ipuin liburua kaleratu du
Posted on 2019-11-08 by KulturSharea
Aste gutxi batzuk dira Xabier Etxeberria idazleak (Zarautz, 1974) bere [...]
‘Irteera argiak’ izenpean, Eñaut Elorrietak bere diskorik pertsonalena kaleratu du
Posted on 2019-11-08 by KulturSharea
“Irteera argiak” (Elkar) Eñaut Elorrietak azken urteotan izandako [...]
‘Aukera berriak’ izeneko diskoaren aurrerapen kantua eta bideoklipa aurkeztu du ETS taldeak
Posted on 2019-11-08 by KulturSharea
En Tol Sarmiento (ETS) taldearen bosgarren diskoa da Aukera Berriak [...]
Trixerten erakusketa paratu dute Iruñeko Katakrak liburu dendan
Posted on 2019-10-29 by KulturSharea
Berria egunkarian argitaratutako albisteetatik sortutako elastikoak, [...]
‘Bilbo’ izeneko gida liburua aurkeztu dute euskara ikasleentzako
Posted on 2019-10-22 by KulturSharea
Lutxo Egia idazleak idatzi eta Asisko Urmeneta eta Dom Campistronek [...]

Page 46 of 62

Zabaldu: