M ama eme ume izeneko liburua gaur aurkeztu dute Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik.
Amatasunari eta feminismoari buruzko testigantzak bildu dituzte Erika Lagomak (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandezek (Lesaka, 1975) M ama* eme* ume* izeneko liburuan. Tene Mujika bekaren laguntzarekin ondu dute lana eta gaur goizean aurkeztu dute Donostian.
Egileak eskuz esku aritu dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituen narrazio-sorta bat ontzeko. Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta “superwoman”-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak mahaigaineratu dituzte: “askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia”, diote. Horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak ere jaso dituzte.
Lagomak eta Fernandezek amei ahotsa eman nahi izan diote liburu honekin, “azkenean sistemak eskaintzen dizkigulako ama izateko eredu oso zurrunak, inongo malgutasunik gabeak, eta iruditzen zaigu orain dela momentua amei galdetzeko, beraien bizipenak entzuteko, beraien testigantza horiek jasotzeko. Hortik abiatuta uste dugu arrakalatu daitezkeela eredu estu edo hertsi horiek”. Horretarako kotxean sartu eta hamahiru hiri eta herri zapaldu dituzte egileek, bertan amekin egon eta entzun dituzte.
Emaitza, esan bezala, hamahiru lekukotasun biltzen dituen lana da: hamaika ama, ez-ama eta bi aitaren testigantza bana: “bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak… Askotarikoak dira esperientziak eta bizikizunak, ugariak iritziak eta desberdinak mundu-ikuskerak; guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak”, azaldu dute egileek.
Adierazi dutenez, “ama anitzek ikusiko dute beren burua islatuta haren edo honen kontakizunean, eta era berean sentituko dute beren ikuspegia edo eskarmentua falta dela, nork bere modura bizi izan duelako amatasuna. Horientzat denentzat, bai ama izan ez diren emakumeentzat, beren erabakiz edo ezinez, nahiz gaiarekin sentsibilizaturik sentitzen diren gizonezkoentzat da liburu hau, inertziak apurtuz, geure buruarekin adiskidetzeko eta denon artean mundu justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko gonbita”.