Baztandarren Biltzarra egingo dute igandean, Elizondon

Posted on 2019-07-19 by KulturSharea

Karrozak eta musika”, “baserritarrez beztitzen gara”, “besta, besta eta besta”, “baztandar guzien besta”, “aitatxok karroza egiten du lagunekin”… horixe erantzuten dute bailarako haurrek Baztandarren Biltzarra zer den galdetuta. Bailarako herritarren arteko senidetasun jai handia da Baztandarren Biltzarra. Udan egiten da, Santiago egunaren aurreko igandean, aurten, beraz, hilaren 21ean egingo dute Elizondon.

Orga apainduak izaten da bestaren muina, hauetan herri bakoitzeko kezkak eta aldarrikapenak udalaren, gobernuaren eta herritarren aitzinean agertzeko; herri bakoitzeko xoko eta herritarren izana eta izena azaltzeko erabiltzen baitira.

Aurten, Bidelagun elkarteak irekiko du Baztandarren Biltzarreko orgen desfile hau. Landa eremuan gizarte boluntariotza garatzeko xedez sortu zen  elkarteak hogei urte bete ditu aurten. “Bertzelako mundua posible da” lelotzat hartuta, gaixoak, adinekoak, ahalmen urritasuna dutenak edota egoera txarrean dagoen edozein talderi laguntza eskaintzen die. Bi hamarkadako ibilbidean ehunka laguni eman die Bidelagunek babesa.

Iragan urteetan bezala, aurten ere, orgen desfilean Euskal Herriko zazpi probintzietako musikari eta dantzariak gonbidatzeko ahalegin berezia egin da. Bertako taldeez gain, aurten, berritasun modura, atzerritik etorritako talde bat ikusteko parada izango da. San Francisco Basque Culture Center, Chino Basque Club, Kern County Basque Club (Bakersfield), Iparreko Ibarra Basque Club (Rocklin) eta Fresno Basque Club euskal etxeetako 50 musikariz eta dantzariz osatutako talde batek hartuko baitu parte desfilean. Horiekin batera, bidaian etortzekoak dira beren senideak ere. Orotara, 160 lagun inguru etorriko dira Baztanera; horietako anitzek jatorri baztandarra dute, gainera.

Elizondoko Merkatu plazan egingo den bazkariari dagokionean, Baztandarren biltzarrak bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Iaz bezala, bazkari txartelak 23 euroan salduko dira. Uztailaren 17an izango da aurrez-aurreko salmenta, 10:00etatik aurrera, Baztandarren Biltzarraren elkartearen egoitzan. Txartelen bat sobratuz gero, bestaren egunean, uztailaren 21ean eskuratu ahal izango dira, goizez, Elizondoko plazan paratuko den txosna ondoko mahaian.

Baztandarren Biltzarra denentzako besta izatea nahi du ekimena antolatzeaz arduratzen den Baztandarren Biltzarra elkarteak. Horregatik, ez du Mutil Dantza baztertzailerik babestuko. Are gehiago, orgen desfilearen ondotik, Elizondoko plazan neskek zein mutilek dantzatzeko aukera izaten duten Mutil Dantzan parte hartzeko deia egin du. Izan ere, denek, gizon ala emakume den inporta gabe, bestaz gozatzeko aukera izatea ezinbertzekotzat jo du. Berdintasuna lan ildo bat izaki, elkarteak argi utzi du sexu erasoen salaketen aitzinean, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratuko duela.

Aurten ere, ez da besta iragartzeko kartel lehiaketarik egin. Bertze behin ere, Baztango sortzaile bati eman zaio aukera. Karmele Gomez artistari, hain zuzen ere.

Bestalde, bestan sortzen diren hondakinak murrizteko lanean jarraitzen du elkarteak. Bertze urte batez, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko du. Berrikuntza modura, ohiko komun kimokoez gain, egun dauden alternatibak Baztandarren Biltzarra bezalako ekimen handi batean egingarriak diren ala ez jakin nahi du elkarteak. Hala, belar bola bat erabiliko da pixa-toki modura. “Alternatiba horrek funtzionatuz gero, litekeena da apurka-apurka komunen eredua aldatzen joatea”, diote.

You may also like

Nahiak Nahi pop-rock talde berriaren ‘Sinesmena’ kantua
Posted on 2019-10-04 by KulturSharea
Nahiak Nahi Burlatan sortutako euskarazko pop-rock talde berria dugu. [...]
Mikel Markezen ‘Biribilean’ disko berriaren aurrerapen kantua: ‘Baina berdin dio’
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Joan den uztailean Oiartzungo Mecca estudioan, Biribilean izeneko [...]
‘Zaldi Urdina’ antzezlana urriaren 11an estreinatuko dute Luhuson
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek ‘Zaldi [...]
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da ‘Zulo’ film laburra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da Zulo, Amancay Gaztañaga [...]
‘Panpina’ antzezlanaren teaserra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Panpina antzezlanaren teaserra. Zuzendaria eta aktorea: Erika [...]
Keu Agirretxea: ‘Ura eta bakea’ disko berriaren aurkezpen kantua
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Ura eta bakea da Keu Agirretxeak azaroan argitaratuko duen diskoaren [...]
Gabezia taldearen ‘Gure Garaia’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-30 by KulturSharea
Gabezia taldeak Hazi izeneko lana kaleratuko du urriaren 13an eta Gure [...]

Page 40 of 55

Zabaldu: