Iragan hurbila gure orainera ekarri du Xabier Mendigurenek ‘Oso latza izan da’ eleberrian

Posted on 2023-09-20 by KulturSharea

Lanak Joxe Arregiren atxiloketatik heriotzara biderako aldia eta lurperatu ondoren, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia kontatzen du.

Ohituta gaude Xabier Mendiguren editore lanetan ikusten liburu aurkezpenetan, oraingoan, baina, bera izan da protagonista eta bere azken eleberria eskuartean zuela agertu da Elkarrek Donostiako Fermin Kalbeton kalean duen dendan. Idazleak Oso latza izan da nobela aurkeztu du goizean, Antxiñe Mendizabal editorea alboan zuela. Bere bederatzigarren nobela da kaleratutakoa, azkena 2018an argitaratu zuen Zu entzuteko gaude izenburupean.

Liburu berriak Joxe Arregiren atxiloketatik heriotzara biderako aldia eta lurperatu ondoren, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia kontatzen du.

1981eko otsailean Joxe Arregi zizurkildarra Madrilen atxilotu zuten eta handik hamar egunera azken arnasa eman zuen, jasandako tratuaren ondorioz. Hilketaren kontra altxatu ziren ahotsak gorpua lurperatzearekin batera isildu nahi izan zituzten ordenaren zaintzaileek, baina zenbait lagunek isilpeko plana antolatu zuten, hilotz hori hilobitik jaso, hilkutxatik atera eta bere biluztasun lazgarrian argazkiak egiteko, torturaren gordina begien bistan jartzearren, ez ikusiarena egin nahi zutenentzat ere. Egilearen esanetan, “ezkutuan eta isilpean ateratako argazki horiek gorpu hori ez zela heriotza naturalez hildako gorpua, baizik tortura sufritutakoa zela munduari erakusteko izan ziren”.

Mendigurenek paraleloki hiru pertsonaren bizitzari buruzkoak kontatu ditu liburuan, euren jaiotzetatik ordura artekora: “Bat Joxe Arregi bera da eta besteak argazkiak egin zituztenak dira, bata Juan Kruz Unzurrunzaga arte galerista eta bestea Bixente Ameztoy margolaria”. Idazlearen iritziz, “hirurak oso nortasun diferenteak zituzten eta aldi berean erakargarriak”.

Liburua memoria egiteko ariketa bat dela dio egileak, “oroitzapen bat, baina modu literarioan idatzita”. Idazleak oraingoan ez du fikziorik idatzi, baina idazteko modua nobelista batena dela nabarmendu nahi izan du.

Mendigurenek liburua ontzerako orduan, egiazko gertakariak bildu, bizirik jarraitzen duten lekukoak elkarrizketatu, protagonisten biografiak eraiki, eta kontakizun zirraragarri bat ondu du. Liburuak kazetaritzako kronikaren osagaiak ditu, baina fikziozko idazlearen baliabideekin moldatua. Iragan hurbila gure orainera ekarriz, ahanzturaren ilunpera kondenatu nahi izan den historiaren zati horri literatura istorio baten taupada eta dardara itzuliz.

You may also like

Ximun Fuchs antzerkigilea Axut kolektiboari buruz
Posted on 2018-10-14 by KulturSharea
Ximun eta Manex Fuchs anaiek euskarazko arte eszenikoak bultzatzeko [...]
Gijongo FICX zinema jaialdian estreinatuko du Iratxe Fresnedak ´Lurralde Hotzak´ dokumentala
Posted on 2018-10-11 by KulturSharea
Datorren Azaroaren 16tik 24ra Gijonen izango den Zinema Jaialdian [...]
Josu Goikoetxearen ´Zer luzea negu hau´ liburua kalean
Posted on 2018-10-11 by KulturSharea
Neguko hotza, euria, ekaitza… dakar Josu Goikoetxea idazleak Zer luzea [...]
Martin Etxeberria idazleak ´Winston´ poema liburua kaleratu du
Posted on 2018-10-11 by KulturSharea
Sei urte eman ditu Martin Etxeberria idazleak Winston poema liburua [...]
‘Inorren lurretan’ diskoa kaleratu du Eraso taldeak
Posted on 2018-10-10 by KulturSharea
Bi urteren ostean, Inorren lurretan izenpean kaleratu berri du Eraso [...]
Kantagintzaren gaineko gogoeta egin du Gotzon Barandiaranek argitaratu duen saiakeran
Posted on 2018-10-09 by KulturSharea
Hitzen ahairea (Susa ) izenpean dator Gotzon Barandiaranek ondu duen [...]
1535455

Page 55 of 55

Zabaldu: