Joanes Lopez Zeraingoa du protagonista Patri Urkizuren ‘Suaren Froga’ eleberriak

Posted on 2021-07-22 by KulturSharea

Urkizuk errealitatea eta fikzioa uztartu ditu eleberria osatzeko.

Joanes Lopez Zeraingoa du protagonista Patri Urkizuk (Lezo, 1946) idatzitako Suaren Froga eleberri historikoak. Gaur aurkeztu du liburua Donostiako Udal Liburutegian eta ezagutzen ez zuen pertsonaia historiko honekin nola egin zuen topo azaldu du: “Parisen nengoelarik liburu denda batean duela urte batzuk, begi aurrean topatu nuen hainbestetan entzundako eta aipatutako Marcel Bataillon-en Erasme et l`Espagne. Recherche sur la vie spirituelle du XVI siécle tesia, 1937an argitaratua. Liburu benetan funtsezkoa ezagutzeko XVI. mendeko izpirituaren bizitza eta erasmismoaren nire nobelaren süjeta, zuberotarrek dioten bezala, ezezaguna nuen Joan Lopez de Zerain. Honen bizitzaren eta obraren albiste gehiago jakitea interesgarri iruditu zitzaidan”.

Halaxe ekin zion Urkizuk Joanesen bizitza ikertzeari. Protagonista 1488an jaio zen Zerainen eta Granadan bukatu ziren haren egunak, 1530ean, Inkisizioaren suan erreta, luterano kutsuko liburu batzuk idazteagatik.

Idazleak errealitatea eta fikzioa uztartu ditu nobela hau ontzeko, Inazio Mujika Ereineko editoreak adierazi duenez, “ fikzioa eta errealitatea elkarren osagarri ageri dira eta esango nuke nahiko modu dibulgatiboan dagoela kontatuta, garaia ezagutzeko liburu aproposa da eta edonork irakurtzeko modukoa”.

Egileak enkontruak eta solasaldiak asmatu ditu libururako, pertsonaiaren garaikide batzuekin batera: Desiderio Erasmo, Martin Azpilikuetako, Inazio Loiolako, Migel Egiako eta Luis Vives dira horietako batzuk.

“Errenazimenduaz ari gara, erreforma eta kontrarreformaren garaia da, bi doktrina elkarren aurka azken finean, eta hainbat hildako, torturatu eta miseria ekarri zituena, baina argi batzuk ere bai. Batean eta bestean beti daude moderatuak eta muturrekoak. Joanes moderatuetako bat zen, liburu arteko gizona. Gerrako nagusiek ez dute jende pazifistarik nahi izaten beren lerroetan, horiek izaten dira haientzat arriskutsuenak, etsairik gogorrenak baino gehiago, eta Joanes horietako bat zen, pazifista”, kontatu du Mujikak.

Fizkioa eta alderdi dibulgatiboa, institutuetan erabiltzeko aproposa dela iritzi dio editoreak, “azken finean liburu hau tolerantziari eta intolerantziari buruzko liburu bat da, eta hori betiko gai bat da”.

You may also like

Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’ osorik ikusgai
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
Azken aurreko manifestua izenburuko testua errezitatu zuen Harkaitz [...]
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko dokumentala sortu dute
Posted on 2018-12-05 by KulturSharea
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez [...]
‘Käffka’ antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da
Posted on 2018-11-30 by KulturSharea
'Käffka' antzezlana urtarrilaren 27an estreinatuko da Bilboko Pabellon [...]
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furia, ‘Klika KORRIKA 2019’ abestiaren erritmora
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Gaur aurkeztu dute 21. Korrikaren abestia Bilbon: Klika Korrika 2019 [...]
Diskorik “elektronikoena” argitaratu du Esne Beltza taldeak
Posted on 2018-11-29 by KulturSharea
Ni izeneko zazpigarren lana aurkeztu du gaur Esne Beltza taldeak. [...]
Folka oinarritzat hartuta, ´Gaur´ diskoa kaleratu du Ertzak taldeak
Posted on 2018-11-27 by KulturSharea
Ertzak Hirukoaren lehenengo diskoa da gaur hedabideen aurrean aurkeztu [...]

Page 54 of 57

Zabaldu: