Mikel Ayestaran kazetari eta idazleak Gazako istorioak liburua plazaratu du

Posted on 2025-10-27 by KulturSharea

Mikel Ayestaran kazetari eta idazleak azken hogei urteetan eguneroko batean jasotako Gazako istorioei liburu formatua eman zion apirilean. Argitalpen horrek erderaz ikusi zuen argia. Orain, euskarazko bertsioa plazaratu du Ibon Plazaola itzultzailearen laguntzarekin.

Gazako istorioak (Alberdania) da liburuaren izenburua eta idazleak Gazan egindako lanaren emaitza da: “urteotan gatazkari buruz idatzi ditudan kroniken kronika, batetik, eta bereizketa-hesiaren alde batean nahiz bestean bizi izandako esperientziena, bestetik”, adierazi du.

“Gaza den leku bakar honi buruzko arnasa luzeko proiektu hau” aspaldi hasi bazuen ere, 2023ko urriaren 7ko erasoek liburuaren argitalpena azkartu dutela aitortu du egileak, “sekula ez naiz lanean aritu halako leku batean”.

Zenbaki huts eta hotzek bakarrik leku duten garaian, Ayestaranek oso argi izan du izenei garrantzia eman nahi ziela liburu honetan. “Gazatarrek izena dute, bizimodu bat dute eta liburu honekin izen horiek eta istorio txiki horiek azaldu nahi izan ditut, Gazan dagoen errealitatea jendeari erakutsiz”.

Hala, ehunka dira kazetariak liburuan aipatzen dituen izenak: “auzo, herri eta hirien izenak, antzinako eta gaur egungo eskualde, herrialde eta estatuenak, bazter apartatuenenak eta leku ospetsuenenak, eta, batez ere eta nagusiki, gizon-emakumeenak, haur, gazte, heldu eta zaharrenak, hala bizienak nola hilenak, aktibista, soldadu, miliziano, politikari eta gatibuenak, gazatarrenak bezala baita israeldarrenak ere”, nabarmendu du Plazaolak. Eta, halaxe, “irakurleak Historia aurkituko du liburu honetan batetik, hiru mila urte baino gehiagoko Historia luze, harro eta odoltsua, Tutmosis III.aren garaitik azken bi urteotako sarraskietaraino, tartean beste ezin konta ahala gertakari direla; eta, bestetik, eta batik bat, istorioak aurkituko ditu, istorio xume bezain gogoangarriak”, adierazi du itzultzaileak.

Euskal esaera zahar ezagunak dionez, “izena duenak izana du, edo, bestela esanda: izenik ez duenak, izendatzen ez denak, izana galtzen du, edo hortxe gelditzen da, erdi edo guztiz ahaztuta, edo baten batek estali eta isilarazi egiten du, berariaz eta asmo txarrez, zerbaitek izena —eta izana— izate hutsa mehatxu bazaio”, adierazi du Plazaolak. Horregatik dira hain garrantzitsuak lekukoak, “bertatik bertara ikusi edo entzundakoaren berri ematen dutenak, bestela izenik ez lukeena izendatzen dutelako, eta, beraz, ezkutuan dagoenari edo izenik ezean hutsa edo hutsaren hurrena baino ez litzatekeenari izana ematen diotelako”.

Oier Etxebeste Alberdaniako editorearentzat lan hau euskaraz irakurri ahal izatea “albiste bikaina” da, eta horretan “funtsezkoa izan da Ayestaranek gurean argitaratzeko nahia, eta Ibon Plazaola itzultzailearen lan zorrotza, berak euskarara ekarri baitu Ayestaranen ahotsa eta istorioen indarra”.

You may also like

‘Zaldi Urdina’ antzezlana urriaren 11an estreinatuko dute Luhuson
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek ‘Zaldi [...]
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da ‘Zulo’ film laburra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Maitasunez sortutako maitasun istorio bat da Zulo, Amancay Gaztañaga [...]
‘Panpina’ antzezlanaren teaserra
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Panpina antzezlanaren teaserra. Zuzendaria eta aktorea: Erika [...]
Keu Agirretxea: ‘Ura eta bakea’ disko berriaren aurkezpen kantua
Posted on 2019-10-03 by KulturSharea
Ura eta bakea da Keu Agirretxeak azaroan argitaratuko duen diskoaren [...]
Gabezia taldearen ‘Gure Garaia’ kantuaren bideoklipa
Posted on 2019-09-30 by KulturSharea
Gabezia taldeak Hazi izeneko lana kaleratuko du urriaren 13an eta Gure [...]
‘Dardara hura’ izeneko binilozko singlea aurkeztu du Don Inorrez taldeak
Posted on 2019-09-27 by KulturSharea
2016an Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabe bat iragarri [...]
Arantzazuri buruzko dokumentala estreinatuko dute gaur, Hernanin
Posted on 2019-09-26 by KulturSharea
  Nabarralde Fundazioak ondu du Arantzazu, harriz herri [...]
‘Agur Etxebeste!’ filma irailaren 27an helduko da zinema aretoetara
Posted on 2019-09-23 by KulturSharea
Aupa Etxebeste! filmaren ildoa jarraitzen duen komedia da Agur [...]
‘Zergatik’, Arrano Pertxa eta Lengu iluna bikoaren kantu berria
Posted on 2019-09-17 by KulturSharea
Disko fisikoa argitaratu beharrean, abesti solteak bideoklip batekin [...]

Page 46 of 60

Zabaldu: