Mikel Ayestaran kazetari eta idazleak Gazako istorioak liburua plazaratu du

Posted on 2025-10-27 by KulturSharea

Mikel Ayestaran kazetari eta idazleak azken hogei urteetan eguneroko batean jasotako Gazako istorioei liburu formatua eman zion apirilean. Argitalpen horrek erderaz ikusi zuen argia. Orain, euskarazko bertsioa plazaratu du Ibon Plazaola itzultzailearen laguntzarekin.

Gazako istorioak (Alberdania) da liburuaren izenburua eta idazleak Gazan egindako lanaren emaitza da: “urteotan gatazkari buruz idatzi ditudan kroniken kronika, batetik, eta bereizketa-hesiaren alde batean nahiz bestean bizi izandako esperientziena, bestetik”, adierazi du.

“Gaza den leku bakar honi buruzko arnasa luzeko proiektu hau” aspaldi hasi bazuen ere, 2023ko urriaren 7ko erasoek liburuaren argitalpena azkartu dutela aitortu du egileak, “sekula ez naiz lanean aritu halako leku batean”.

Zenbaki huts eta hotzek bakarrik leku duten garaian, Ayestaranek oso argi izan du izenei garrantzia eman nahi ziela liburu honetan. “Gazatarrek izena dute, bizimodu bat dute eta liburu honekin izen horiek eta istorio txiki horiek azaldu nahi izan ditut, Gazan dagoen errealitatea jendeari erakutsiz”.

Hala, ehunka dira kazetariak liburuan aipatzen dituen izenak: “auzo, herri eta hirien izenak, antzinako eta gaur egungo eskualde, herrialde eta estatuenak, bazter apartatuenenak eta leku ospetsuenenak, eta, batez ere eta nagusiki, gizon-emakumeenak, haur, gazte, heldu eta zaharrenak, hala bizienak nola hilenak, aktibista, soldadu, miliziano, politikari eta gatibuenak, gazatarrenak bezala baita israeldarrenak ere”, nabarmendu du Plazaolak. Eta, halaxe, “irakurleak Historia aurkituko du liburu honetan batetik, hiru mila urte baino gehiagoko Historia luze, harro eta odoltsua, Tutmosis III.aren garaitik azken bi urteotako sarraskietaraino, tartean beste ezin konta ahala gertakari direla; eta, bestetik, eta batik bat, istorioak aurkituko ditu, istorio xume bezain gogoangarriak”, adierazi du itzultzaileak.

Euskal esaera zahar ezagunak dionez, “izena duenak izana du, edo, bestela esanda: izenik ez duenak, izendatzen ez denak, izana galtzen du, edo hortxe gelditzen da, erdi edo guztiz ahaztuta, edo baten batek estali eta isilarazi egiten du, berariaz eta asmo txarrez, zerbaitek izena —eta izana— izate hutsa mehatxu bazaio”, adierazi du Plazaolak. Horregatik dira hain garrantzitsuak lekukoak, “bertatik bertara ikusi edo entzundakoaren berri ematen dutenak, bestela izenik ez lukeena izendatzen dutelako, eta, beraz, ezkutuan dagoenari edo izenik ezean hutsa edo hutsaren hurrena baino ez litzatekeenari izana ematen diotelako”.

Oier Etxebeste Alberdaniako editorearentzat lan hau euskaraz irakurri ahal izatea “albiste bikaina” da, eta horretan “funtsezkoa izan da Ayestaranek gurean argitaratzeko nahia, eta Ibon Plazaola itzultzailearen lan zorrotza, berak euskarara ekarri baitu Ayestaranen ahotsa eta istorioen indarra”.

You may also like

LAIZE BARAKALDOKO RAP ABESLARIAK ‘2.0’ IZENEKO BIDEOKLIP BERRIA AURKEZTU DU
Posted on 2019-01-16 by KulturSharea
Laizek 2.0 izeneko bideoklip berria aurkeztu du eta azaldu duenez, [...]
Itxaron zerrenda zabalik da ‘Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastarorako
Posted on 2019-01-14 by KulturSharea
(Bideoa eta testua: Jakin aldizkaria   Urtarrilean hasita, bost [...]
‘V.40. Minutu Rock’ jaialdiaren bideoa aurkeztu dute
Posted on 2019-01-11 by KulturSharea
Musika: Selektah Stepi Letra: Moro eta Juantxo Perkusioa; Aitor [...]
‘Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu arte’, Lou Olangua abeslariari buruzko dokumentala
Posted on 2019-01-10 by KulturSharea
Lou Olangua abeslariaren ibilbidea kontatzen du “Lou. Dantzan jo ta [...]
Madeleine taldearen ‘Hura’ abestiaren bideoklipa ikusgai
Posted on 2019-01-10 by KulturSharea
Madeleine (Emo Rock, Donostia) taldeak 2018ko udazkenean [...]
60. hamarkada: euskal kantagintza berria
Posted on 2019-01-08 by KulturSharea
Bideoaren egilea: ahotsak.eus 60ko hamarkadan haize berriak iritsi [...]
Euskalgintza eta kulturgintza aro berri baten aurrean
Posted on 2019-01-08 by KulturSharea
UEU eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako Herrigintzaren aro [...]
Gatom raperoaren  ‘Bueltan gatoz’ kantuaren bideoklipa ikusgai
Posted on 2019-01-08 by KulturSharea
Gatom, Bermeoko rapero gaztea ez da geldirik egoten den horietakoa, [...]
Uluka taldeak ‘Aita, ama’ kantua moldatu du
Posted on 2019-01-02 by KulturSharea
Jolas egiteko abesti tradizionalak balore hezitzaile eta [...]
Josu Bergara musikariak “Etxe honetan” gabon kantaren bideoa aurkeztu du
Posted on 2018-12-20 by KulturSharea
Josu Bergara abeslari bizkaitarraren konposizio berri honen jatorria [...]

Page 56 of 60

Zabaldu: