Mikel Etxaburu idazle bizkaitarrak ‘Manttalingo alaba’ poema liburua kaleratu du

Posted on 2024-04-24 by KulturSharea

Poemak musikatuz, Ondarroako idazleak ordubeteko emanaldi bat antolatu du, Nerea Zuloaga abeslarirekin, Irina Alvarez biolin jotzailearekin eta Jon Gardoki akordeoi jotzailearekin. Ikuskizunak “musika, kantua, errezitala…” osagaiak izango ditu.

“Hiztegirik eta gramatikarik gabe idatziko ditut poemak, atea erdi zabalik utziko dut sartu edo irten lasai egin dezazun eta geratzea erabakitzen baduzu kontatuko dizut zer ekarri zuen mareagorak eta gure zein zati eraman zuen marea beheak”, horrelaxe ematen dio hasiera Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) gaur Donostian aurkeztu duen Manttalingo alaba (Pamiela) poema liburuari. Idazleak Saturrarango kartzelan giltzapean izan ziren emakumeak oroitu eta aldarrikatu nahi izan ditu olerki bilduma berri honekin.

Egileak azaldu duenez, “Badakigu Saturrarango kartzelan lau milatik gora emakume izan zituztela gatibu 1938. urtetik 1944ra, eta Manttalingo alaba liburu honetan dauden poemek ekarri nahi digute garai hartako memoria eta kartzelan gatibu izan zituzten emakume horiekiko aitortza eta maitasuna”.

Etxaburuk kontatu duenez, poema txikiekin osatu du liburua, “poematxoak dira, olatutxoen moduan, joan-etorrian dabiltzanak, eta honekin, era batera edo bestera, irudikatu nahi izan dut bertan bizitakoa eta bertan sentitutakoa”.

Poema musikatuak

Poematxo hauek “poema politikoak” dira idazlearen ustez, “beste diziplina batzuekin nahasten denean, beste dimentsio batzuetara jauzi egiten du poemak. Beraz, musikarekin, ahotsarekin  edo beste erritmo mota batzuekin nahasten duzunean, berezkoa daukan erritmotik haratago beste muga batzuk zeharkatzen ditu”. Hori kontutan izanda, Etxaburuk ordubeteko emanaldi bat antolatu du Nerea Zuloaga abeslarirekin, Irina Alvarez biolin jotzailearekin eta Jon Gardoki akordeoi jotzailearekin. Ikuskizunak “musika, kantua, errezitala…” osagaiak izango ditu. Lantaldeak prest du emanaldia jada eta publikoaren aurrean aurkezteko unea heldu zaio.

Lan honekin irabazi zuen Etxaburuk Arabako Aldundiak antolatzen duen Ernestina de Champourcin Poesia Saria.

Etxaburu Euskal Filologian Doktorea da eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakasle lanetan dabil. Manttalingo alaba bere bosgarren poema liburua da. Aurretik, Zu zara orain txoria (Elkar, 2011), Hodeiak zapatetan (Susa, 2014), Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016), zeinarekin Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia saria irabazi zuen, eta Ahaztu baino lehen, ama (Pamiela, 2021) liburuak kaleratu ditu.

You may also like

Ekaitz Sirvent itzultzaileak Antonio Gramsciren ‘Kartzelako gutunak’ liburua euskaratu du
Posted on 2021-12-16 by KulturSharea
Katakrak argitaletxearen eskutik ikusi du argia liburuak. Lanak [...]
Eñaut Elorrietak ‘Inesa Gaxen’ kantuaren moldaketa egin du Uxue Alberdirekin batera kantatuz
Posted on 2021-12-15 by KulturSharea
2019an Eñaut Elorrieta musikariak abiatu zuen Irteera Argiak biraren [...]
Amaia Astobizak Silvia Federiciren ‘Larruazalaren periferiaz haraindi’ saiakera euskaratu du
Posted on 2021-12-15 by KulturSharea
Liburu honetan, pentsalari eta idazle italiarrak azken hilabete eta [...]

Page 17 of 57

Zabaldu: