Nerea Balda idazleak ‘Azpimarrak’ eleberria plazaratu du

Posted on 2023-05-22 by KulturSharea

Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu Irurtzungo idazlearen lan berriak.

Nerea Baldak (Irurtzun, 1975) Azpimarra izeneko eleberri laburra aurkeztu du gaur Donostiako Udal Liburutegian. Azpimarrez beteriko bigarren eskuko liburu bat du abiapuntu lanak, “nire lagun batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen eta bertan ikusi zuen aurreko jabea aspaldiko ezagun bat zela”, kontatu du idazleak Erein argitaletxearekin egindako aurkezpenean. Gertaera hori polita iruditu zitzaion idazle nafarrari eta hortik abiatuta liburuaren istorioa sortzea erabaki zuen. Beraz, bigarren eskuko liburu batekin eta aspaldiko bi ezagunekin ondu du Azpimarrak eleberria.

Egileak azaldu duenez, “aspaldiko bi ezagun hauek, Selva eta Andreu, pertsonaia nagusiak dira eleberri honetan”. Kontakizuna, hala ere, Selvaren istorioarekin hasten da eta horrek eraman zuen idazlea Andreurengana. Bi pertsonaia hauen ikuspuntuak tartekatzen dira liburuan eta horrela kontakizun nagusia osatzen joaten da. Selvak ama izan nahi du, baina ezusteko batek kolokan jarri dio erabakia. Autobusean, liburu bat topatu du, azpimarrez beteta, eta horren bitartez aurkitu du Andreu, gaztetan ezagutu zuen mutila. Punta s’Arenellako itsasargia da bien abiapuntua; iraganera gerturatu ditu, eta, halaber, elkarren zalantza eta minetara.

Gaiari dagokionez, maitasunak hartzen du garrantzi handiena, baina “maitasuna zentzu zabalenean”, azpimarratu du Baldak. “Bikote harremanak, baina horrek ekartzen dituen erabakiak, zalantzak, beldurrak, familiaren eragina, amatasuna, aitatasuna… izan dira gero, idazterakoan, garrantzia ere hartu duten gaietako batzuk”.

Liburu honen proiektuarekin Ramiro Pinilla eleberri laburren bosgarren lehiaketa irabazi zuen Baldak iazko irailean eta Uxue Rasquin Ereineko editorearekin egindako lanketa baten ondoren aurkeztu du lana idazleak.

You may also like

Ingalaterrako lehen saioen ondoren, Zea Maysek Bilbon jarraitu du disko berria prestatzen
Posted on 2026-05-13 by KulturSharea
Taldeak Bilboko ETEN Espazio Sonoron egin ditu bere hurrengo lanari [...]
Ane Zubeldiak sei ipuinez osatutako ‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ bilduma kaleratu du
Posted on 2026-05-07 by KulturSharea
Ane Zubeldiak 2024ko Igartza bekari esker ondu du Datorren udan ez [...]
Bortizkeria jasan duen emakumeari buruzko eleberria kaleratu du Idoia Frailek
Posted on 2026-04-29 by KulturSharea
Errenteriako idazlearen lehen eleberria da Arranoaren luma eta XIX. [...]
Palestinako gatazka ulertzeko hamar gako ‘Olibondoaren herria’ liburuan
Posted on 2026-04-29 by KulturSharea
Helburua gatazka ulertzeko tresnak eskaintzea izan da: [...]
Urtzi Urkizuk gaur egungo streaming ekosistemaren argazki panoramikoa egin du ‘Streaming aroa’ saiakeran
Posted on 2026-03-12 by KulturSharea
Kontsumo arduratsuago, kritikoago eta kontzienteago baten aldeko [...]
12362

Page 1 of 62

Zabaldu: