Olatz Salvador musikari donostiarrak urte hasieran aurkeztutako Aho uhal (Airaka, 2021) diskoko bigarren singlea plazaratu du, Gelditu hor izenburupean. Ane Labakak sortutako hitzetatik abiatutako abesti hau hauskortasunaren edertasuna aldarrikatu eta eroso sentiaraziko gaituzten espazioetara bidaiatzeko dei bat da.
“Kantu honek geure buruari mantra baten gisan errepikatzeko bi esaldi uzten dizkigu itsatsita: min ematen badizu, ez egon hor; on egiten badizu, gelditu hor”. Kolaborazio berezi batekin dator, gainera, kantua aberastera datorren Idoia musikari aramaioarra, hain zuzen.
Irudiei dagokienez, Donostiako Victoria Eugenia antzokian emandako aurkezpen kontzertura garamatzate, emozioz betetako egun hori gogoratu eta betikotzeko.