Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriako taldeak Musika Bizian jaialdian

Posted on 2018-10-22 by KulturSharea

Estaturik gabeko herrialdeen jaialdi bakarra da Galdakaoko Musika Bizian jaialdia. Bertan, Europako, Amerikako eta Afrikako hogei taldek parte hartu izan dute orain arte eta antolatzaileen arabera, 5.000 pertsona baino gehiago erakarri ditu urtero urriko azken asteburuan egiten den hitzordura.

Aurten, Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriko musika taldeen zuzenekoak jasotzen ditu egitarauak. Horrez gain, kontzertuak zein bestelako jarduerak ere (kalejirak, umeentzako ikastaroak eta luthier azoka) dohainik Galdakaon izango dira ostiraletik larunbatera, urriaren 26an eta 27an, hain zuzen ere. Herriko Iturrondo plazako karpa jaialdiaren erdigune bilakatuko da.

Ekimena Andra Mari dantza taldeak jarri zuen abian 2014an eta orain arteko edizio guztietan, bere izaerari eutsi dio jaialdiak: irabazi asmorik gabeko folk-rock jaialdia, estaturik gabeko nazioetako lehen mailako taldeak biltzen ditu, kaleko musika edo adin guztietarako ekintzak uztartuz.

2018ko edizioko euskal ordezkaritza Xabi Aburruzaga trikitilariaren eta Esne Beltza taldearen esku egongo da.

Palestina eta Kornuallesekoak izango dira aurten Musika Bizian ekimenean entzun ahal izango ditugun bi nazio berrien musikariak. Palestinaren ordezkari gisa kultuzko talde bat, 47Soul laukotea, arituko da. Musika arabiar tradizionalaren formak tresna elektronikoekin uztartuz lortu dute,
Ekialde Hurbileko arrakastarekin batera, Europako zirkuitu underground​-ean sartzea. Bestalde, Kornuallesetik datorren Flat & Sharps taldeak bluegrass, folk, country eta poparen arteko nahasketa eklektikoa egiten dute. Kataluniak, aurretik ere jaialdian parte hartutako Els Grullers folk seikotea arituko da.

Kontzertuen aurretik, Galdakaoko kaleak kalejiren erritmoz beteko dira. Aurten, alde batetik, euskal musika izango da Taberna Ibiltariaren eskutik (ostiralean) eta, bestetik, jazz tradizionala eta New Orleansko swing-a entzuteko aukera izango da Marmara Musikekin (larunbatean). Bigarren egunean, gainera, adin guztientzako ekintza bat prestatu dute antolatzaileek: Euskal Herri osoko luthierren azoka tradizionala; bertan ikusi ahal izango dira erabiltzen dituzten musika-tresnak eta haiek sortzeko artisau-teknikak. Gainera, ikastaroak ere egongo dira txikienek artisauak eta haien teknikak ezagutu ditzaten.

You may also like

‘Errealitateak’ izeneko proiektua aurkeztu du Txakur Gorria kolektiboak
Posted on 2019-12-05 by KulturSharea
Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek, Mariñe Arbeok, Nerea [...]
Izarok ‘Paris’ izeneko kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2019-12-04 by KulturSharea
Lan berria urtarrilaren 31n aurkeztuko duen arren, Durangoko Azokan [...]
Garik eta Josu Zabalak Kafe Antzokian eskainitako zuzenekoa disko batean bildu dute
Posted on 2019-12-03 by KulturSharea
Egun horretako oroigarri izateko asmoz, dator orain kaleratu berri [...]
Euskara hutsean dator Doctor Deseo taldearen ‘Maketoen Iraultza’ diskoa
Posted on 2019-12-03 by KulturSharea
Doctor Deseo taldearen hamazazpigarren diskoa dugu gaur, Bilbon, [...]
Eskafandra bildumak Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ saiakera ekarri du euskarara
Posted on 2019-11-29 by KulturSharea
“Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da”. Esaldi ezagun horrek [...]
Lotara joaterakoan, haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak eta jolasak biltzen dituen liburua
Posted on 2019-11-29 by KulturSharea
Lotara joaterakoan, haurrei irakurtzeko ipuinak, poemak eta jolasak, [...]
Garik eta Josu Zabalak Kafe Antzokian eskainitako kontzertua disko batean bildu dute
Posted on 2019-11-19 by KulturSharea
Irailaren 17an eskaini zuten zuzenekoa Hertzainak taldeko kide ohi [...]

Page 39 of 57

Zabaldu: