Periferiari beste begirada bat eman dio Nerea Arrienek ‘Gorputzen aldiriak’ liburuan

Hiriaren bazterreko auzo batean kokatu ditu Arrienek elkarrekin gurutzatzen diren hainbat pertsonaiaren istorioak. Kutxa Fundazioaren 58. Literatura Sarietan Euskarazko Kontakizun saria irabazi duen lana Elkar argitaletxeak kaleratu du.

Nerea Arrien idazleak Gorputzen aldiriak liburua aurkeztu du gaur, Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik. Lanak hiriaren periferian kokatutako auzo izengabe batera eramaten du irakurlea, bertako bizilagunen minak, desioak, ametsak eta harremanak kontatzeko.

Haurrak jolasean ibiltzen diren Masatxutxes parkearen inguruan gurutzatzen dira pertsonaien bizitzak. Horien artean daude Dario marinel zaharra, desioaren eta depresioaren artean borrokan; Lola, nerabezaroaren eta amatasunaren artean harrapatua; Gantumur eta Ekhi, Mongoliatik iritsi eta bizimodu berrian sustraitu nahian dabiltzanak; eta Maria aktore misteriotsua.

Arrienek azaldu duenez, pertsonaia bakoitzak bere istorioa du, eta kapitulu bakoitzean haietako baten bizipenak kontatzen ditu. Istorioak, ordea, “elkarrekin hazten dira, “eraztun kontzentrikoen modura”, eta horrela osatzen da liburuaren egitura korala. Egilearen esanetan, kontakizunak lotzeko modu horrek ipuinaren eta nobelaren arteko mugak lausotzen ditu.

Periferia beste ikuspegi batetik

Liburuaren sorkuntzan periferiaren kontzeptuak izan duen garrantzia ere nabarmendu du Arrienek. Haren esanetan, periferia baztertutako edo soberan dagoen espazio gisa ulertu ohi da, baina liburuan beste esanahi bat eman nahi izan dio: falta dena, oraindik sortzeke dagoena, irudikatzeko aukera gisa landu du.

Ikuspegi hori ez du soilik pertsonaien kokalekuan islatu. Idazkeran ere hainbat bide landu ditu, hizkuntzaren erabileran eta errealismoaren zein fantasiaren arteko joan-etorrietan, besteak beste. Horrela, pertsonaien eguneroko bizipenak eta fantasia ukituak uztartzen dira kontakizunetan.

Idazleak azaldu duenez, liburuko pertsonaien sorreran badu zerikusia bere esperientzia pertsonalak ere. Urte luzez parkeetan igarotako denbora aipatu du, bere seme-alabekin egindako egonaldietan beste guraso batzuei begira eta haien jokabideak behatzen. Esperientzia horietatik ere elikatu ditu liburuko pertsonaiak eta egoerak.

Gorputzen aldiriak lanarekin Kutxa Fundazioaren 58. Literatura Sarietako Euskarazko Kontakizun saria irabazi zuen Arrienek martxoan. Sariaren ondoren, Elkar argitaletxeak kaleratu du liburua.

You may also like

Potx eta Lotx pailazoek ‘Pilota berria’ izeneko kanta aurkeztu dute
Posted on 2021-05-23 by KulturSharea
Potx eta Lotx pailazoek Pilota berria izeneko kanta aurkeztu dute. [...]
Zea Mays taldeak ‘Adore’ izeneko EP berria eta bideoklipa arkeztu ditu
Posted on 2021-05-21 by KulturSharea
Bi abestiz osatutako EPa eta Adore izeneko aurrerapen kantua aurkeztu [...]
Zuen ahotsa taldeak ‘Naizena naiz’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-05-14 by KulturSharea
Iazko itxialdian ezagutu genuen Zuen ahotsa taldea, eta dagoeneko [...]
Olatz Zugastik ‘Mairu baratzetan’ kantaren bideoklipa aurkeztu du.
Posted on 2021-05-10 by KulturSharea
Olatz Zugasti kantari eta musikaria Arano herrira, bere aitonaren [...]
Olatz Salvador musikariak ‘Aho uhal’ diskoko bigarren singlea plazaratu du: ‘Gelditu hor’
Posted on 2021-05-07 by KulturSharea
Olatz Salvador musikari donostiarrak urte hasieran aurkeztutako Aho [...]
Euskarazko ikus-entzunezkoen une berriaz ‘Euskaraz ere bai’ solasaldian
Posted on 2021-05-05 by KulturSharea
Urte batzuetako lozorroaren ondoren, 2020an euskarazko fikzioak [...]
‘Kultur edukiak sarean’ solasaldia ikusgai
Posted on 2021-04-26 by KulturSharea
Armiarma.eus atariak literaturaren sarean 20 urte egin dituela aintzat [...]
Koro Navarrok ‘Fiesta. Eguzkia jaikitzen da’ liburua euskaratu du
Posted on 2021-04-23 by KulturSharea
(Argazkia: Erein) Koro Navarro itzultzaileak 'Fiesta. Eguzkia [...]
LKN kale artistaren lanak ikusgai jarri dituzte Iruñeko Kondestable jauregian
Posted on 2021-04-22 by KulturSharea
Erakusketak apirilaren 30era arte izango ditu ateak zabalik, Iruñeko [...]

Page 29 of 63

Zabaldu: