Periferiari beste begirada bat eman dio Nerea Arrienek ‘Gorputzen aldiriak’ liburuan

Hiriaren bazterreko auzo batean kokatu ditu Arrienek elkarrekin gurutzatzen diren hainbat pertsonaiaren istorioak. Kutxa Fundazioaren 58. Literatura Sarietan Euskarazko Kontakizun saria irabazi duen lana Elkar argitaletxeak kaleratu du.

Nerea Arrien idazleak Gorputzen aldiriak liburua aurkeztu du gaur, Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik. Lanak hiriaren periferian kokatutako auzo izengabe batera eramaten du irakurlea, bertako bizilagunen minak, desioak, ametsak eta harremanak kontatzeko.

Haurrak jolasean ibiltzen diren Masatxutxes parkearen inguruan gurutzatzen dira pertsonaien bizitzak. Horien artean daude Dario marinel zaharra, desioaren eta depresioaren artean borrokan; Lola, nerabezaroaren eta amatasunaren artean harrapatua; Gantumur eta Ekhi, Mongoliatik iritsi eta bizimodu berrian sustraitu nahian dabiltzanak; eta Maria aktore misteriotsua.

Arrienek azaldu duenez, pertsonaia bakoitzak bere istorioa du, eta kapitulu bakoitzean haietako baten bizipenak kontatzen ditu. Istorioak, ordea, “elkarrekin hazten dira, “eraztun kontzentrikoen modura”, eta horrela osatzen da liburuaren egitura korala. Egilearen esanetan, kontakizunak lotzeko modu horrek ipuinaren eta nobelaren arteko mugak lausotzen ditu.

Periferia beste ikuspegi batetik

Liburuaren sorkuntzan periferiaren kontzeptuak izan duen garrantzia ere nabarmendu du Arrienek. Haren esanetan, periferia baztertutako edo soberan dagoen espazio gisa ulertu ohi da, baina liburuan beste esanahi bat eman nahi izan dio: falta dena, oraindik sortzeke dagoena, irudikatzeko aukera gisa landu du.

Ikuspegi hori ez du soilik pertsonaien kokalekuan islatu. Idazkeran ere hainbat bide landu ditu, hizkuntzaren erabileran eta errealismoaren zein fantasiaren arteko joan-etorrietan, besteak beste. Horrela, pertsonaien eguneroko bizipenak eta fantasia ukituak uztartzen dira kontakizunetan.

Idazleak azaldu duenez, liburuko pertsonaien sorreran badu zerikusia bere esperientzia pertsonalak ere. Urte luzez parkeetan igarotako denbora aipatu du, bere seme-alabekin egindako egonaldietan beste guraso batzuei begira eta haien jokabideak behatzen. Esperientzia horietatik ere elikatu ditu liburuko pertsonaiak eta egoerak.

Gorputzen aldiriak lanarekin Kutxa Fundazioaren 58. Literatura Sarietako Euskarazko Kontakizun saria irabazi zuen Arrienek martxoan. Sariaren ondoren, Elkar argitaletxeak kaleratu du liburua.

You may also like

Zaldibar Argitu plataformaren eskutik, ‘Zaborrezko munstroa’ izeneko kanta eta bideoklipa
Posted on 2020-04-06 by KulturSharea
Zaldibar Argitu plataformaren eskutik, Zaborrezko munstroa izeneko [...]
“Euskal Herriaren iraganaren mugarri adierazgarri batzuei buruz azalpen gehiago ematea da helburua”
Posted on 2020-04-06 by KulturSharea
Gaizka Aranguren dugu gure gaurko Kontalariak ataleko protagonista. [...]
Potx eta Lotx pailazoek ‘Etxean’ ikuskizuna sareetan estreinatu dute
Posted on 2020-04-03 by KulturSharea
Egoera honi aurre egiten laguntzeko, Potx eta Lotx pailazoek ere euren [...]
Xabi Bandinik ‘Maite Zaitugu Esan’ kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2020-04-02 by KulturSharea
Ama guztiei eskainitako kantua da Maite Zaitugu Esan: "Askotan [...]
‘Pozik eta Konforme’ kantuaren erremixa
Posted on 2020-04-01 by KulturSharea
Suaia Eta Ama Rebel taldearen ‘Pozik eta Konforme’ kantuaren erremixa [...]

Page 41 of 63

Zabaldu: