(argazkia: Irekia)

Aita Donostiaren ‘Ilustrations musicales pour la Vie Profonde de Saint François d’Assise’ obra osoa argitaratu dute lehen aldiz

Aita Donostiaren eskuizkribu autografoa eta Max Eschig argitaletxe paristarrak izenpetutako eskuizkribu ez-autografo bat oinarri hartuta editatu dute eta Aita Donostiak frantsesez idatzi zuen jatorrizko testu narratiboarekin batera, orain arte argitaratu gabea, euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenak ere jasotzen dira.

2026an mende bat beteko da Jose Gonzalo Zulaika Arregi euskal musikagile, folklorista eta ikertzaile unibertsalak, Aita Donostia (1886-1956) izenez ezagunagoa, bere maisulanik adierazgarriena idatzi zuenetik: Illustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon (1926).

Urteurrena ospatzeko, Aita Donostiaren musika-obra osoa jasotzen duen liburuaren argitalpena aurkeztu du OE Bulegoak: alde batetik, musika-testu osoa, Aita Donostiaren eskuizkribu autografoa eta Max Eschig argitaletxe paristarrak izenpetutako eskuizkribu ez-autografoa oinarri hartuta argitaratua; eta, bestetik, Aita Donostiak eskuz idatzi zuen jatorrizko narrazio-testua frantsesez, orain arte argitaratu gabea, Henri Gheonen obra interpretaziorako egokitu eta itzulia: Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak euskarara eta Victor Herrero de Miguel poeta kaputxinoak gaztelaniara.

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “musika-obra hau euskal herri gisa dugun historiaren parte da, gure identitate kolektiboaren parte. Lan horrekin, duela ia 100 urte, Aita Donostiak gure identitatearen zati bat Parisko erdigune kulturalera eraman zuen. Orain, lehen aldiz, obra hau berreskuratu dugu, eta osorik jarri dugu euskal eta europar gizartearen eskura: musikariak, ikertzaileak, belaunaldi berriak… Argitalpen honekin, gure iraganari etorkizuna ematen ari gara, horrekin gure kultura bizirik mantentzeko”.

Josu Okiñena pianista, ikerlari eta irakasle doktorea eta euskal musikaren ondarea berreskuratzeko egindako lanagatik ezaguna da, bereziki Aita Donostiaren lana berreskuratzen aritu da. Azaldu duenez, Illustrations musicales pour La La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon lanaren musika-testua 1926an argitaratu zuen Max Eschig argitaletxeak Parisen, baina edizio hori agortua eta deskatalogatua zegoen duela hamarkada batzuez geroztik, eta oso zaila zen obra eskuratzea, “edizio honek obra biziberritzea ahalbidetzen du, izan ere, orain arte deskatalogatuta zegoen eta materialak ez zeuden eskuragarri La Vie interpretatu ahal izateko. Edizio kritikoa egiteko, Eresbilen katalogatutako dokumentazioa eta Iruñeko Kaputxinoen Probintziako Artxibo Historikoan gordetzen den eskuizkribu autografoa kontsultatu nituen. Artxibo honen funts dokumental guztia berrikustean, gainera, eskuizkribu bat aurkitu nuen, Aita Donostiak testuaren teatralizazioarekin obra interpretatzeko 1926an prestatu zuena. Benetako arkeologia-lana izan da hori deszifratzea”.

Interpretazio lan zaila

Agirrebaltzategik eta Herrero de Miguelek, jatorrizko narrazio-testuaren euskararako eta gaztelaniarako itzultzaileek, hurrenez hurren, azpimarratu dutenez, “poesia izanik, ez da erreza izan testua itzultzea. Interpretazio lana zaila izan da, baina asko gozatu dut, testua erakargarria baita eta agerikoa da Aita Donostiak bihotzetik idatzi zuela”, azaldu du Agirrebaltzategik. “Obra hau itzultzea opari bat izan da. Testu sakona, lirikoa eta perfektua da, eta mezuak bizitzarekiko anaitasuna, errespetua, zaintza, ospakizuna eta eskertzea islatzen du”, zehaztu du Herrero de Miguelek.

Edizio honetan, lehen aldiz, musika-testu osoa editatua aurkezten da, Aita Donostiaren eskuizkribu autografotik eta Max Eschig argitaletxe paristarrak izenpetutako eskuizkribu ez-autografo batetik abiatuta. Bi iturrien konparaketa kritikoari esker, konpositorearen jatorrizko asmoari bertsio zorrotza eta fidela eskaini ahal izan zaio.

Zabaldu:

Utzi erantzuna