Oiartzuarrarentzat etapa helduago eta pertsonalago baten hasiera dakarren mugarria da lan berria.
Aitor Bengoetxea ‘Bengo’ musikari oiartzuarrak orain arte egindakoarekin hautsi eta bere alde pertsonalena islatu nahi izan du kaleratu berri duen Belharra izeneko diskoan.
Bere jatorri euskaldunaz harro, musikari gipuzkoarrak belharra bezalako sinbolo bat aukeratu du bigarren lan hau izendatzeko. Urruñan sortzen den olatu erraldoia da belharra eta fenomeno hau ez da ohikoa. Artistarentzat olatu izugarri honek aurrera jarraitzea adierazten du, dena atzean utziz.
Bengorentzat etapa helduago eta pertsonalago baten hasiera dakarren mugarria da lan berria. Oiartzuarra ahots-ekoizpenaz eta ekoizpen lirikoaz arduratu da, eta ekoizpen instrumental osoa Julen Aduriz produktore gazteak landu du, Ez da betiko eta Txoriak abestien kasuan izan ezik, Yeray Lizarazu ekoizleak ere kolaboratu baitu horietan.
Eñaut Gaztañagak, berriz, nahastu eta masterizatu du diskoa, Zestoako Gaztain Estudioan. Azkenik, irudi zuzendaritzak eta ekoizpenak Rita Gratacosen izena darama. Azken honek unibertso bisual hori guztia garatzeko eta forma emateko lan egin du.
Musikariak 2025eko otsailean emango dio hasiera diskoaren aurkezpen birari. Lehenengo zuzenekoa otsailaren 8an izango da Donostiako Dabadaba aretoan. 13an, berriz, Gasteizko Jimmy Jazzeko oholtzara igoko da, eta 21ean, Iruñeko Indaran izango da. Ondoren, Baionan, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan ere eskainiko ditu kontzertuak.