Aitziber Jimenez de Aberasturi, Nefer Olaizola, Mitxel Elortza eta Marta Berganzo dira Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo irabazleak

Iazko irabazle Irati Antiak azaroaren 22an irekiko du Azukre beltza erakusketa, Labe Gazte Laborategian eta Sara Berasalucek eta Yone Estivarizek, berriz, abenduaren 16an aurkeztuko dute Mahai bueltan proiektua.

Aitziber Jimenez de Aberasturik egunerokotasunari buruzko Ogi beltza podcastarekin, Nefer Olaizolak Enbor bereko ezpala performancearekin, Mitxel Elortzak Aneren abenturak mahai-jokoarekin eta Marta Berganzok Gure kutxa antzezlanarekin irabazi dute Gasteizko Gazte Sortzaileak beka. 25 eta 35 urte bitarteko kategoriakoak dira saritutako proposamen guztiak. Orain sei hilabeteko epea izango dute irabazleek euren proiektuak garatzeko, eta behar izanez gero, aholkularitza profesionala jasoko dute.

Saridunek 4.000 eurora arteko laguntza ekonomikoa jasoko dute, eta lanaren prozesu osoa euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute sormen-fasetik hasi eta proiektua amaitu arte. Halaber, deialdiaren oinarrien arabera, euskararen ahozko adierazpenak proiektuaren muina izan beharko du, eta helburu izan behar dute kultura euskaldunari ekarpena egitea.

2022ko edizioa

Iazko Gazte Sortzaileak deialdiaren irabazleetako batzuek laster aurkeztuko dituzte beren lanak. Irati Antiak azaroaren 22an irekiko du Azukre beltza erakusketa, Labe Gazte Laborategian (San Vicente Paul kalea 21). Sara Berasalucek eta Yone Estivarizek, bestalde, abenduaren 16an aurkeztuko dute Mahai bueltan proiektua.

Gazte Sortzaileak 16 eta 35 urte bitarteko gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko beka deialdia da. Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek antolatzen dute beka, Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin.

Zabaldu: