dav

‘Ajoarriero’, ‘topless’, ‘sueztitu’, ‘alioli’, ‘onkeria’ eta ‘ziento bat’ erantsi dira Euskaltzaindiaren Hiztegian

Azken sei hilabeteotan 795 forma berri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian.

Euskaltzaindiak 795 forma berri jaso ditu bere hiztegian (513 sarrera, 199 azpisarrera eta 83 ohiko lexia) azken sei hilabeteotan. Horretaz gain, 1.515 forma zuzendu edo osatu ditu. Eguneratze horrekin, 51.407 forma jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak, 69.364 adiera, 114.002 adibide eta 519 esaera zahar.

Euskararen akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2024ko bigarren seihilekoan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur sareratu den eguneratzeak.

Euskaltzaindiak gogoratu duenez, 2023an, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilera hobetu egin zen: “batetik, bilatzaile berria garatu zen, funtzionalagoa, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena; bestetik, hitzak aurkitzeko bide gehiago ematen ditu orain bilatzaileak eta, beraz, askozaz zehatzagoa da”.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak azpimarratu duen moduan: « Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu, eta lehendik genuena berrantolatu, osatu eta zuzendu dugu. Azken batean, hobekuntza-lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita”.

Forma berriak ere gehitu zaizkio hiztegiari, batez ere, sukaldaritzari lotutakoak: “Forma berriei dagokienez, dagoeneko oinarri sendo samarra dugunez, gero eta espezializatuagoak dira corpusek bueltatzen dizkiguten hitz ezezagunak”, aitortu du euskaltzainak-. Horregatik, “lehendik ditugunen adierak osatzeak ere zenbakitan ez, baina eduki finagoan laguntzen du. Eta horregatik landu dugu sukaldaritzari lotutako azpicorpus zehatzagoa aurten (EiTB-ko saioak eta Berria-ko atal bereziak abiapuntu gisa hartuta), hutsune handia genuelako gai horretan, eta corpus orokorretan galduta geratzen direlako erabilera horiek modu aski sistematikoan eskuratu ahal izateko”.

Oraingo eguneratzean landutako forma berriak direla eta:

  • Ohiko bidetik, corpusetatik, jaso dituztenak. Horien artean aipa daitezke: aluminio(-)paper eta film garden, bidaiari(-)tren, deskatalogatu, dezentzia, edateko ur, erantzukidetasun, eskotx (Iparralderako) eta zelo sarrerari adiera berria gehitu diogu, Hegoalderako, eutsi gogor, eutsi goiari, gainprodukzio, gas(-)hornidura, gastritis, gizarte(-)laguntzaile, gurasokeria, handicap, ikasbidaia, ile(-)galera, intrantsigente, irratizale, kakorratz, kalaxnikov, kirol(-)poltsa, komuneko paper, ludopata, maitasun platoniko, manipulagarri, mendi(-)lasterketa, mesedetxo (adierazkorra), narkolepsia, nepotismo, ohe(-)sofa, onkeria, onura publiko, partikula(-)azeleragailu, patilla (Heg.), patois, reggaeton, santujale, spoiler, topless, txute (Hegoaldekoa eta lagunartekoa), ume(-)kotxe, zerga(-)paradisu, ziborg, ziento eta ziento bat (Hegoaldekoa eta behe-mailakoa).
  • Sukaldaritza-kontuak, azpicorpus berezietan oinarrituta. Adibidez: ajoarriero eta ajoarriero bakailao, alioli, amontillado, arrautza egosi, arrautza frijitu, azukre beltz eta azukre zuri, carbonara, entsalada errusiar, entsalada misto, eskalibada, Ezpeletako piper, Gernikako piper, Padrongo piper, falafel, fettuccini, fruitu lehor, irris(-)esne (Ipar.), fumet, guakamole, kukurutxo (Hegoaldea) eta kono (Iparraldea), moldeko ogi, mozzarella, natxo, oilasko(-)bularki, pisto, potxa, risotto, roquefort, sueztitu, tomate frijitu.

Berrikusi eta zuzendu edo osatu diren 1.515 forma horien artean aipatzekoa da adibideak gehitu eta/edo egungo errealitateari lotuagoak jaso direla, definizioak gehitu edo findu dira, ohar argigarriak jaso, adierak gehitu, euskalki-, erabilera- eta espezialitate-markak gehitu edo findu dira, aditz-erregimena berrikusi eta, falta zenetan, jaso da… Hona hemen bi adibide, egindako hobekuntzak argiro erakusten dutenak:

  • 1) erronka egin azpisarreran aditz-erregimena, euskalki-marka eta adibideak gehitu ditugu.

[lehen] erronka egin ad.-lok. Erronka jo.

[orain] erronka egin du/dio ad.-lok. Heg. Erronka jo. Borrokarako erronka egiten dizun gizon bat ematen du. Ez erronkarik egin, adiskide!

  • 2) esku(-)zarta: euskalki-markak eta oharra gehitu dira. Horrez gain, esku(-)zarta(k) egin eta esku(-)zarta(k) jo azpisarrera egin direnez, esku(-)zartako adibideak hara eraman dira eta berriak jaso.

[lehen] esku zarta, esku-zarta iz. Txaloa. Esku-zarta eta oihuak. Esku-zarta egin. Joaldia bukatuta, esku-zarta polita egin zien. Esku-zartak egin dizkiote iristean. Jendeak esku-zartak jotzen zituen.

[orain] esku zarta, esku-zarta iz. Ipar. eta naf. Txaloa. (Pluralean nahiz singularrean erabiltzen da). Esku-zarta eta oihuak. Besarkadak, esku zartak, irriak eta malkoak ez ziren gutxi izan. Sebastian eta Bixenteri ere nire esku-zarta.
esku zarta(k) egin, esku-zarta(k) egin du ad.-lok. Ipar. eta naf. Txalo egin. Esku-zartak egin dizkiote iristean. || Joaldia bukatuta, esku-zarta polita egin zien.
esku zartak jo, esku-zartak jo du ad.-lok. Ipar. eta naf. Txalo jo. Jendeak esku-zartak jotzen zituen.

Azkenik, bederatzi sarrera ezabatu dira hiztegitik, ia kasu guztietan hasiera-hasieratik zeudenak, baina egun erabilera-daturik ez dutenak. Hirutan burua zuzendu da, eta beste hamar letra larriak eta xeheak arautu dituen 200. arau berriaren argitan egokitu dira. Horrez gain, hiztegi osoa berrikusi da arau berrira egokitzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna