'Akelarre' filmak irekiko du 37. edizioa

‘Akelarre’, ‘Ane’ eta ‘Baby’ filmak Gasteizko Euskal Zinemaren Astean

37. edizioa otsailaren 22tik 27ra bitartean izango da. Sarrerak salgai daude jada.

Euskal Zinemaren Astea otsailaren 22tik 27ra bitartean egingo dute Gasteizen. 37. edizio honek euskal zinemagintzako profesionalek egin edo ekoitzitako lan onenak bilduko ditu beste behin ere egitarau oparo batean. Hala ere, pandemiak ezarritako mugetara egokitzeko zenbait aldaketa ekarriko ditu: ordutegia 18:30era aurreratu dute. Horrela, eguneroko emanaldia eta ondorengo solasaldia mantenduko dira, eta 21:00etarako jarduera etengo da. Film labur guztiak saio berean proiektatuko dira, asteazkenean, hilak 24. Arantxa Ibañez de Opacua antolatzaileak azpimarratu duenez, “ez da aldatu Vital Fundazioak egindako ahalegina 2020an zehar euskal profesionalek egindako edo ekoitzitako zinema-lanik onenak ekartzeko. Arrakasta handiko urtea izan da, besteak beste, Akelarre, Ane eta Baby, hiruren artean Goya sarietarako hamasei izendapen dituzte-eta” .

Euskal Zinemaren Asteak jaialdi parte-hartzailea izaten jarraitzen du eta saioetako publikoak epaimahai lanak egingo ditu. Emanaldiak amaitu ondoren, aretoan dauden ikusleek film luze eta film labur onena aukeratzeko botoa eman ahal izango dute. Otsailaren 27an, larunbata, emango dira ezagutzera emaitzak, itxiera ekitaldian. Bertan, sari banaketa egingo da eta ‘Gutariko bat’ saria emango zaio Arabako zinemagintzako profesional ospetsu bati.

Egitaraua

Irekiera ekitaldian Pablo Agüerok zuzendutako Akelarre filma izango da protagonista. Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira aktore nagusiak. 1609. urtean girotuta dago, eskualdeko gizonak itsasora joan dira eta Anak basoko festa batean hartuko du parte herriko beste neska batzuekin batera. Rostegi epaileak atxilotu egingo ditu eta sorginkeria leporatuko die. Akelarreari buruz dakitena aitor dezaten beharrezkoa den guztia egitea erabakiko du.

Asteartean, berriz, Hil kanpaiak filma proiektatuko da. Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberrian oinarrituta dago eta Imanol Rayok zuzendu du. Aktoreen artean Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez nabarmendu daitezke. Garizmendi baserriaren historia da, bertako lurretan eskeleto bat agertzen da lurperatuta.

Asteazkena aukeratu da film laburren emanaldietarako, eta, besteak beste, Paul Urkijoren Dar Dar, Aitor Lopez de Aberasturiren Buruak, Estibaliz Urresolaren Polvo Somos, Andoni Mz. de Madina eta Julen de la Sernaren Buen Plan eta Beñat Fontanedaren Ni una más izango dira ikusgai. Film labur guztiak zuzendari arabarren lanak dira.

Ostegunean David P. Sañudok zuzendutako Ane film luzearen txanda izango da. Aktore nagusiak Patricia Lopez Arnaiz, Mikel Losada, Jone Laspiur, Aia Kruse, Nagore Aranburu, Gorka Aguinagalde eta Fernando Albizu dira. Euskal Zinemaren Saria eta Donostiako Zinemaldian emakumezko aktore onenaren Forque Saria jaso zituen. 2009an Gasteizen girotuta, Lide abiadura handiko trenaren obretan zaintzaile lan egiten duen ama gazteak Ane alaba nerabea etxera lotara joan ez dela jakingo du. Bere alaba non dagoen ikertzean, benetan ezagutzen ez zuen alabarekin bizi izan dela konturatuko da.

Juanma Bajo Ulloa zuzendari arabarra dugu Baby lanaren zuzendaria eta gidoilaria, ostiraleko saiorako aukeratutako filma da honakoa. Bingen Mendizabal da musikaren arduraduna eta aktoreen artean Natalia Tena, Harriet Sansom Harris, Rosie Day, Charo Lopez, Mafalda Carbonell, Susana Soleto edo Carmen San Esteban daude. Haurdun dagoen eta bere krisi baten erdian erdituko den emakume drogazale bat da filmaren ardatza. Umeaz arduratzeko gai ez denez, umeen trafikoan aritzen den emagin bati salduko dio. Damututa, berreskuratzen saiatuko da.

Mireia Gabilondoren Erlauntza filmak amaiera ekitaldia eta sari banaketarekin partekatuko du protagonismoa larunbatean. Leire Ruiz, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia, Itziar Atienza eta Naiara Arnedo dira aktoreak. Haurtzaroko lagun talde baten historia da, eta landetxe batera joango dira haietako baten ezkontza aurreko agurra ospatzera. Asteburu zoroa izango zena, pixka bat eroago bihurtuko da; trapu zikinak, elkarri inoiz esan ez zizkioten kontuak, aitorpenak, alkohola, droga…

Sarrerak

Abonuen eta sarreren prezioak aurreko edizioetan baino merkeagoak izatea erabaki dute antolatzaileek, pandemiak kulturan sortu duen krisiagatik, jendeari emanaldietara joan dadila errazteko asmoz.

Abonuak eta sarrerak gaurtik aurrera egongo dira eskuragarri: Euskal Zinemaren Asteko jardunaldi guztietarako abonua nahi dutenek, 9 euroan, edo sarrerak 2 euroan, www.fundacionvital.eus webgunearen bidez eskuratu ahal izango dituzte, edo Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea 24), astelehenetik ostegunera 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, eta ostiralean 8:30etik 14:00etara. Halaber, egun bakoitzeko saiorako sarrerak leihatilan ere eskura daitezke (Vital Fundazioa Kulturunea, Bakea 5, Dendarabako 1. solairua).

Zabaldu: